Publicador de contenidos

Atrás Udalaren eta Noaua elkartearen arteko hitzarmena onartu dute apirileko osoko bilkuran, aho batez

Ohi bezala, lau urterako hitzarmena onartu dute, Noaua aldizkaria eta webgunea diruz laguntzeko eta haren egoitzaren erabilera uzteko.

01·05·2020


Usurbilgo Udalaren eta Noaua elkartearen arteko hitzarmena onartu dute apirileko osoko bilkuran, aho batez. Azken hitzarmena 2016ko martxoaren 21ean sinatu zuten, eta 2020ko martxoaren 21ean amaitu zen hitzarmen horren epealdia. “Udal-gobernu honek ez du dudarik berritu egin behar dela”, nabarmendu du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak. Hitzarmena onartuta, Noaua aldizkaria eta webgunea diruz laguntzea zein Noauak egoitza duen lokalaren erabilera ahalbidetzea adostu dute.

EAJk, bere aldetik, proposatu zuen dirulaguntza horren jarraipena egiteko batzorde bat osa daitekeela, “hitzarmenak jasotzen dituen helburu horiek benetan betetzen diren baieztatzeko”. Eskaera idatziz aurkezteko eskatu zion Solaberrietak.

Alaitz Aizpurua Noaua elkarteko idazkariak hitza eskatu zuen, Youtube bidez, EAJri erantzuteko, eta Jitsi Meet programako bilerara sartzera gonbidatu zuen udalbatzak. “Hitzarmenak dio diozuen jarraipen hori kultura teknikariak egiten duela: ez daukagu arazorik batzorde horretan parte hartzeko, gonbidatuta bageunde, baina kultura sailetik egiten da hitzarmena eta behar diren azalpen guztiak hari ematen zaizkio. Bestelako dirulaguntzetan, esango nuke, ez dela halako batzorderik sortu, baina ez dugu arazorik lehenengoak izaten”.

Hitzarmena 2020tik 2023ra egongo da indarrean: urtez urte udalak Noaua diruz laguntzeko kopuruak zehaztu dituzte dokumentuan:

2020an, 56.000 euro.

2021ean, 58.000 euro.

2022an, 58.000 euro.

2023an, 58.000 euro.