Publicador de contenidos
Atrás Udalaren eraldaketa
11·02·2022

Covidak, inoiz ezagutu gabeko osasun krisi latza eragiteaz gain, sistemaren aldamio ezkutuak inoiz baino ageriago utzi ditu. Izan ere, kapitalismoak sinetsarazi nahi izan digun segurtasunaren mito ustela jauzi da, eta ziurgabetasun handia sortu du. Gaur egun, inork gutxik jarriko du zalantzan garai aldakorrak bizi ditugunik, eta hainbat aldaketa, aldaketa digitala, kasu, ziztu bizian doala. Dimentsio handiko krisi eta erronka konplexuen aurrean jarri gaitu (aldaketa klimatikoa, erronka demografikoa eta horri loturiko zaintza-krisia, migrazio olatuek eragindako aniztasunaren kudeaketa demokratikoa...), eta covidaren ondorengo tokiko gobernantzaren gaineko hausnarketa zabalik dago Euskal Herriaren luze zabalean. Usurbilgo Udalean ere hausnarketa hori zabaltzera goaz.
Azkenaldian loratzen ari dira, gizarte-erronka berriei erantzuteko asmoz, narratiba berrietan oinarritutako elkarlan publiko-komunitarioan ondutako proiektuak, eta, horiei bide emateko xedez, zoru eta elkarlan marko berriak ari dira sortzen han-hemenka. Izan ere, administrazioak ezin die erronka horiei bakarka erantzun, eta elkarlan publiko komunitarioa gorpuztea hil ala biziko suertatu zaigu. Horretarako baina, elkarlan hori iraunkorra eta egonkorra izateko, ezinbestekoa da egungo udal egitura eta funtzionamendua aldatzea eta elkarlan hori ahalbidetuko duen gobernantza eredu publiko komunitario berriak eratzea.
Hain justu, barne gogoeta hori egin nahi dugu Usurbilgo Udalean, udal langileekin batera. Udalean denbora gutxi daramagun arren, honako ondorio hau atera dugu: XXI. mendeko gizarte honek dituen erronka konplexuei bokazio eraldatzailearekin erantzun nahi badiegu, ezinbestekoa da udalak barrutik ere eraldatzea. Izan ere, egungo udal egituraketa eta funtzionamendua zaharkituak daude; 1970-80ko hamarkadetako egituraketa bertsua dugu. Horregatik, premiazkotzat dugu udal politikak zeharlerrotasunez eta norabide estrategikoz lantzea ahalbidetuko duen udal egituraketa diseinatzea eta sortzea: funtzionamendu arrunta arinduko duena, sailen arteko koordinazioa eta elkarlana hobetuko duena eta departamenduen araberako funtzionamendu eta ikuspegi zurruna gaindituko duena.
Legealdiaren azken txanparako erronka potoloa ezarri diogu geure buruari. Barne prozesu hau udal langileekin batera egingo dugu. Ezin du bestela izan. Eta prozesu honetan bidelagun Julen Mendoza Errenteriako alkate ohia izango dugu. Zuzenbidean lizentziatua da, azken urte luzeotan udal ugaritan lanean aritua; tartean, zortzi urtez alkate izan da, eta, gerora, tokiko politikaren eraldaketa helburu duten hamaika prozesutan ari da lanean. Pertsona ezin hobea, beraz, ariketa honetarako eta udala eraldatzeko.
