Publicador de contenidos

Atrás Udalak Zumarteren kontratistarekin lortutako akordioa onartu dute ezohiko osoko bilkuran

Zumarteri lotutako bi puntu bozkatu zituzten urtarrileko ezohiko osoko bilkuran, musika eskola aurten amaitzea bermatuko dutenak:uztailaren 17rako amaitu beharko du obra Moyuak. Horrez gain, urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin bat egitea onartu zuten.

03·02·2020


Noauari emandako elkarrizketa batean Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak aurreratu bezala, Usurbilgo Udalak akordioa lortu du Moyuarekin, Zumarte musika eskola eraikitzen ari den enpresarekin. Dena den, beharrezkoa zen osoko bilkurak hura onartzea irmoa izan zedin: halaxe bozkatu zuten urtarrileko ezohiko osoko bilkuran (egun bat lehenago egin zen, greba orokorragatik), EH Bilduren (8) eta PSE-EEren (1) botoekin; EAJk (4) aurka bozkatu zuen. Izatez, bi puntuk egiten zioten erreferentzia Zumarteri plenoko gai-zerrendan. Lehenengoak Moyuari kalte-ordainak eskatzea jasotzen zuen, Zumarte birgaitu eta handitzeko obretan udalak jasandako kalte-galerengatik; bigarrenak Zumarte birgaitu eta handitzeko sinatutako obra-kontratutik eratorritako aldeak itun bidez konpontzeko hitzarmen transakzionala onartzea jasotzen zuen.

Bi puntuak hirigintza batzordetik diktaminatuta heldu ziren arren plenora, gaiaren nondik norakoen inguruko azalpenak eman zituen alkateak. “Zumarteko obrak joan-etorri asko izan ditu: hasieratik bide malkartsua izan du obrak, gorabehera eta zailtasun handiekin”. Lanekin lotutako mugarri nagusiak aipatu zituen Solaberrietak, gaiaren errepaso orokor bat egiteko. 2018Ko martxoaren 5eko ezohiko bilkuran abiatu zen obra kontratua esleitzeko prozedura: Moyuari esleitu zitzaion, 1,6 milioi pasatxogatik (BEZa kontuan hartu gabe). “Obra konplexua zen, eta, horren ondorioz, gorabeherak sortu ziren”. Hala, 2019ko maiatzean gaia berriz eraman zuten osoko bilkurara: lanean hasi eta gutxira sortu ziren obra unitate berriak, eta horiei aurre egiteko prezio gehigarriak eta epea luzatzea eskatu zituen Moyuak. Hala onartu zitzaion uztaileko plenoan, baina Moyuak berak alegazioa aurkeztu zion esanez jadanik urtebeteko atzerapena zutela obrek, eta horrek enpresari hainbat kalte eragin zizkiola, eta ez zuela baztertzen udalari kalte-ordainak eskatzeko aukera.

Solaberrietak azaldu zuenez, urtarrilaren 10ean kuantifikatu zituen Moyuak kalte-ordain horiek. “Dena den, garbi daukagu obraren atzerapen honetan erantzulea ez dela udala: erantzukizun konpartitua izango da ziur aski, baina udala ez da ardura osoaren erantzule”. Horregatik, batek zein besteak kalte-ordainak eskatu dizkiote, baina lortutako akordioa gauzatzeko bide juridiko bat da hori. “Hitzartua dago bi aldeen artean hau egitea: impasse egoera batean hartu genuen gaia udalera iritsi ginenean, kasik epaitegietako bidean, gertatutakoen errelato muturrekoak baitzituzten obra zuzendaritzak eta Moyuak”.

Obra sine die atzeratzea ekarriko zuen, alkatearen esanetan, epaitegietako bidea hartzeak, eta, horregatik, negoziazioari eta akordioa lortzeko aukerari heldu zieten. Udalak Juantxo Landaberea abokatuaren aholkularitza juridikoa jaso zuen, “azken urtean sortutako gorabehera guztiei amaiera emateko modu adostu batean”. Akordio horrek hiru gai lotu behar zituela adostu zuten: obra amaitzeko eguna zehaztea, elkarri kalte-ordainak eskatzeko aukerari muzin egitea, eta prezio itxi bat adostea prezio unitate berriei zegokienez.

Akordioak, beraz, bai udalak bai Moyuak zein konpromiso hartzen dituen jasotzen du. Obra amaitzeko eguna ere finkatu dute: uztailaren 17a. Egun horretan amaituta egongo ez balitz, eta Moyuak egun gehiago beharko balitu, 10.000 euroko kalte-ordaina eman beharko lioke udalari atzeratutako egun bakoitzeko. “Egoera kritikoan hartu genuen obra. Adostasunaren bidea hobetsi genuen, eta bi aldeek izan dugu negoziaziorako eta akordioa lortzeko borondatea. Baina esan behar da enpresa ez dela leiala izan herriarekin, Usurbilgo Udalak esleitutako obrarekin, eta kezkagarria iruditzen zait jokatu duten modua: diru publikoa da, eta ezin da horrela jokatu administrazio publikoarekin”, ohartarazi zuen Solaberrietak.

EAJk, bere aldetik, Zumarterekin gertatu dena “kudeaketa txarraren” adibide dela esan zuen, uztailaz geroztik obrak geldirik egon direlako. “Ziurtzat ematen da uztailean amaituta egongo dela obra: horrenbestetan aipatutako langileen lan-baldintzak beteko al dira?”. Moyuari eguneko 10.000 euroko kalte-ordaina ezartzea “penalizazio gogorra” dela uste du EAJk. Solaberrietak erantzun zion kontratuan lan-baldintzei erreparatzen zaiela, eta, beraz, Moyuak neurriak hartu beharko dituela ezarritako epean bukatzeko. “Zumarte ez da langileen bizkar egingo: Moyuari dagokio baliabide gehiago bideratzea, orain arte egin ez bezala. Orain arte, bi langile soilik zeuden lanean, eta hilabete bakarrean begira ze martxa hartu duen obrak”.

 

Urtarrilaren 30eko greba orokorra

Urtarrileko osoko bilkura ezohikoa izan zen, egun bat aurreratu baitzen urtarrilaren 30eko greba orokorragatik. EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen Usurbilgo Udalak bat egin zezan Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak deitutako greba orokorrarekin: hala egin zuen, EH Bilduren aldeko eta EAJren eta PSE-EEren kontrako botoekin. EAJren ustez ez da “bidezkoa” udalak deialdiarekin bat egitea, batetik, orain gutxi adostu duelako Espainiako Gobernuak gutxieneko soldata 950 eurokoa izatea, eta, bestetik, greba deitzeko arrazoi asko ez direlako ez Eusko Jaurlaritzaren ez Nafarroako Gobernuaren eskumenekoak. “Beste gauza bat da errealitate hori aldatzea, eta horretan ari gara: autogobernu maila zenbat eta handiagoa izan, ongizate handiagoa izango dugu, eta horregatik eskatu diogu Espainiako Gobernuari Gernikako Estatutua bete dezala. Eskumenak lortzean, denen bizi-kalitate duina bermatu eta hobetuko da: Espainiako Gobernua eratzeak aukera hori ireki du, eta PSOEk egindako akordioa betetzen badu, 1979ko estatutua erabat betetzea lortuko dugu”, argudiatu zuen EAJk, kontra bozkatuko zutela jakinarazi aurretik.

Beñat Larrañaga zinegotziak erantzun zion ez zeukala zentzurik Moyuako langileen baldintzekin kezkatuta azaltzeak, eta, aldi berean, greba orokorraren kontra egiteak, eskaeren artean lan-baldintza duinak eskatu zituzten aldetik.

PSEko zinegotziak, bere aldetik, kontra bozkatuko zuela esan zuen. “Ados nago puntu askorekin, baina uste dut gobernu aurrerakoi batekin lor daitezkeela, eta Espainiako Gobernua, oso berria izateaz gain, aurrerakoia da: uste dut ez dela momentu egokiena greba orokorrera deitzeko”.