Publicador de contenidos

Atrás Udalak Usurbilen energia berriztagarrien komunitate bat sortzeko proiektua abiatuko du

Egungo zein etorkizuneko klimaren inpaktuak eragozteko, ingurumenarekin errespetuz jardungo duten politika publiko eraldatzaileak garatzea eta egungo eredu energetikoa errotik aldatzea ezinbestekotzat du udalak. Trantsizio energetikoa “premiazkoa eta urgentziazkoa” da udalaren ustez, eta trantsizio hori “iraunkorra, berriztagarria, justua eta inklusiboa” izan dadin nahi du. Goiener Kooperatiba kontratatu du, prozesua gidatu eta dinamizatzeko. Energiaren erronkari modu kolektiboan erantzutera gonbidatu dituzte herritarrak: proiektua aurkezteko saioa maiatzaren 3an egingo dute, 18:00etan, Sutegin.

25·04·2022


Udalak Usurbilen EBK Energia Berriztagarrien Komunitate bat sortzeko proiektua abiatuko du, Goiener Kooperatibaren laguntzarekin. Izan ere, larrialdi klimatikoaren testuinguruan, egungo eta etorkizuneko klimaren inpaktuak eragozteko, udalak ezinbestekotzat du, besteak beste, ingurumenarekin errespetuz jardungo duten “politika publiko eraldatzaileak garatzea eta egungo eredu energetikoa errotik aldatzea”. Energiaren erronkari modu kolektiboan erantzutera gonbidatu dituzte herritarrak: proiektua aurkezteko saio irekia egingo dute maiatzaren 3an, 18:00etan, Sutegin [izena eman behar da, aldez aurretik].

Trantsizio energetikoa: “Premiazkoa eta urgentziazkoa”.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu duenez, energia oinarrizko baliabide bat da, eta egungo kontsumo energetikoa, nagusiki, erregai fosiletan oinarritzen da, “berotegi efektuko gasak eragiten dituzten eta agortze bidean dauden lehengaietan, hain zuzen”. Horregatik, beharrezkoa da, energiaren deskarbonizazioarekin batera, energia berriztagarriak eta garbiak erabiltzeko “urratsak irmoak egin eta politikak sustatzea”.

Ukrainako gerrak are gehiago azalarazi du Euskal Herriak duen energia menpekotasuna, alkatearen esanetan, “Hemen kontsumitzen dugun energia munduko beste leku batzuetatik dator, eta multinazionalen eta merkatuen menpe dago. Horren ondorio da nahieran, kapitalaren mesedetan, etengabe ari dela garestitzen energiaren prezioa (gasarena zein elektrizitatearena), eta ondorio horiek guztiak herritarrek jasango dituzte beste behin: gora egingo du nabarmen, halabeharrez, pobrezia energetikoak”.

Horregatik guztiagatik, trantsizio energetikoaren erronka “premiazkoa eta urgentziazkoa” da, Solaberrietaren esanetan: “Gauza asko eta oso azkar aldatu behar ditugu, baina gure premisa argia da arlo honetan ere: trantsizioak iraunkorra, berriztagarria, justua eta inklusiboa izan behar du, inor baztertu edo atzean utziko ez duena eta herrikideen arteko berdintasuna bermatzea izango duena bokazio gisa”.

Energiaren erronkari modu kolektiboan erantzutea nahi luke udalak, Solaberrietak azaldu duenez: “Energia komunitatearen bidez kontsumo eredua aldatzea eta herritarrak arlo honetan ahalduntzea sustatu nahi dugu: herritik eta herriarentzat sortuko den energia komunitatea izatea nahiko genuke”. Modu horretara, orain arte “herritarrengandik urrun eta kasik ezkutuan egon den sektore batean” herritarren parte hartzea eta ahalduntzea sustatu nahi du udalak, “tokiko energia beste modu batean kudeatzeko, energia-sistema erresilienteago eta bidezkoago bat eraikitzeko, burujabetza energetikoa ipar eta denontzat bizigarria izango den Usurbil zerumugan”. Izan ere, nabarmendu dutenez, energia komunitatea onuragarria litzateke ez soilik herritarrentzat, baita komertzio, enpresa txiki eta ertainentzat ere.

Energia Berriztagarrien Komunitateak, herritarrengandik abiatuta.

Goiener 2012an sortu zen, herri ekimenez, horren kide Alazne Arruti Bengoetxeak azaldu duenez. Kontsumorako beharrezkoa zuten energia baliabide propioekin sortzea zuten helburu hasieran, baina lege aldetik izandako “trabak” tarteko, energia merkaturatzea izan du jardun nagusi. 2018an, Nafarkoop sortuta, lortu zuten energia sorkuntzan hastea. Egun, 16.000 bazkide inguru ditu Goienerrek, eta 20.000 kontratu.

Irabazi asmorik gabeko ekimen herritarra izanik, euren balioekin bat egiten duten proiektuak bultzatzen ditu Goienerrek. Azkenaldian, batik bat, EBK Energia Berriztagarrien Komunitateak sortzen. Egun, 100dik gora tokiko entitaterekin daude harremanetan, eta hamalau prozesutan dabiltza bidelagun lana egiten: energia komunitateak sortu nahian dabiltzanei aholkularitza ematen.

EBK bat “behetik gora” eraikitzen da, Arrutiren esanetan: “Herritarrengandik abiatu behar du proiektuak, parte-hartzean oinarrituta, ahalduntzeari begira, eta parte har dezakete komertzioek, enpresa txiki eta ertainek ere”. Arlo ekonomikoa, soziala eta ingurumenarekikoa lantzen dituzte halako prozesuetan: “Aztertzen dugu zen baliabide dauzkagun eta zein proiektu egin dezakegun edo ditzakegun, beti ere, gure neurrira”. Arrutik nabarmendu duenez, ez da perfil teknikorik izan behar, prozesuaren bidez herritarren ahalduntzea eta formakuntza bultzatuko baitira.

Udalak ingurumenaren eta energiaren arloan egindakoak.

Usurbilgo herriak larrialdi klimatikoarekiko kontzientzia eta konpromisoa du, Ibon Goikoetxea Retegi Usurbilgo Udaleko ingurumen teknikariaren esanetan. Horren adibide jarri ditu azken urteetan emandako pausoak: (1) hondakinen kudeaketa jasangarria, atez ateko bilketa ezarrita (2009an), (2) udalak Europako alkateen ituna sinatzea (2011n) eta (3) Usurbilgo Energia Jasangarrirako Ekintza Plana onartzea (2013an).

Usurbilgo Energia Jasangarrirako Ekintza Plan horretan, hainbat neurri proposatu ziren, bost ildo nagusiren bueltan, Goikoetxeak azaldu duenez: (1) efizientzia energetikoa, (2) energia berriztagarriak, (3) mugikortasuna, (4) hondakinak eta (5) ura eta inguru naturala. Testuinguru horretan, azken urteetan udalak emandako pausoak aletu ditu Goikoetxeak:

1. Energia berriztagarrien erabilera.

1.1. Eguzki plakak.

Azken urteetan, udalak Oiardo kiroldegian eta Udarregi ikastolan jarri ditu eguzki plakak: bien artean, guztira, 49Kw-ko potentzia instalatu da. Kiroldegiaren kasuan, plakek ekoizten duten energia kiroldegiaren kontsumorako erabiltzen da: kiroldegiko kontsumo osoaren %24 hornitzen da eguzki plakekin sortutako energiaren bidez. Udarregiren kasuan, ekoizten den energia autokontsumo partekaturako erabiltzen da: ikastolan ez ezik, udaletxean, Sutegin, Artzabalen eta Zumarten.

1.2. Geotermia, Zumarten.

Zumarteko berokuntza sistemak lurpeko berotasuna aprobetxatzen du, eraikinaren energia beharrak gutxituz.

1.3. Energia iturri garbiagoak.

Energia iturri gabiagoak erabiltze aldera, besteak beste, gasaren hodia pasatu dute Harane futbol zelaitik Kalezar aldera, horrela, gasolina erabiltzeari uzteko.

2. Efizientzia energetikoa.

2.1. Argiteria publikoa.

Kontsumoa murrizteko asmoz, herriko zenbait lekutan led teknologiadun argiteria jartzen hasita dago udala: Olarriondon, Kalezarren, Santuenean, Osinalden eta Txikierdin, besteak beste. 2021Ean, gainera, sare osoan led teknologiadun argiteria ezartzeko plangintza egin du udalak: 2030 urterako kale argiteria guztia aldatuta izatea aurreikusten du. Goikoetxeak aurreratu duenez, aurten, Kale Nagusiko, Txaramunto-Azpiko eta Eguzkitza kaleko argiteria berrituko dute led teknologiarekin.

2.2. Kontsumoaren jarraipena.

2020az geroztik, udala kontsumitzen duen energiaren jarraipena egiten ari da: udal-eraikinak, argiteria publikoa eta ibilgailuen kontsumoa. Horretarako, software edo sistema informatiko bat du: kontsumitzen den energia guztia modu bateratu batean erakusten du, eta aldi berean, kontsumoa murrizteko zein aukera egon daitezkeen jakiteko modua ematen du.

3. Mugikortasuna.

3.1. Auto konpartitua.

Egungo mugikortasun ereduak energiaren kontsumoan eta ingurumenean duen eragina dela eta, bestelako mugikortasun eredu bat sustatu du udalak: 2021ean, auto konpartitua eskaintzen hasi zen, emisiorik gabea (%100 elektrikoa da), udal-langileek zein herritarrek erabiltzeko. Urtebetean, 7.000 kilometro baino gehiago egin ditu, guztira.

3.2. Bidegorriak.

Bidegorrien sarea osatzea du helburu udalak. 2019-2023 legealdian, Pikaola-Saizar arteko bidegorria egin du, esaterako. Troia eta Usurbil lotuko dituen bidegorria gauzatzeko proposamena ere egina dio udalak aldundiari, baina aldundiak dio ez dela udalaren eskumena, eta ez dio gaiari heldu.

4. Energiaren bulegoa.

2021ean, energiaren udal-bulegoa izan zuen Usurbilek, bederatzi hilabetez. Herritarrei begirako zein udal barrurako lanak egin zituen energia teknikariak. Herritarrei dagokienez, energia berriztagarrien inguruko zalantza eta aholkularitza eskaini zuen, baita pobrezia energetiko egoeran zeudenei lagundu ere. Udal barrura, berriz, udalaren energia kudeaketa hobetzea izan zen energia teknikariaren beste zereginetako bat, udaleko hirigintza eta zerbitzuetako sailekin elkarlanean.

5. Hobariak.

Udalak hobariak eskuratzeko aukerak zabaldu ditu, 2022az geroztik. Oinarrizko zerbitzu horietako batzuek zerikusia dute ingurumenarekin eta energia beharrekin: ur hornidura zerbitzua, hondakinen bilketa eta tratamendua, estolderia zerbitzua edo udal-baratzeen erabilera. Hobariak eskuratzeko aukera horiek diru-sarrera txikiagoak dituzten herritarrek gutxiago ordain dezaten jarri ziren martxan, gehiago dutenei gehiago ordainaraziz.