Noticias
Atrás

Udalak Uemaren ‘Bertatik bertara’ kanpainarekin bat egin du, zerbitzu sektorean euskara areagotzeko

Udalak mahaigainekoak banatuko ditu ostalarien artean, eta bisitarientzako hiztegiak ere bidaliko dizkie herriko merkatariei.

21·06·2022


Hirugarren aldiz, bisitariak zein bisitariekin harremana duten zerbitzu sektoreko arduradunak eta langileak euskara aintzat hartzera gonbidatzeko kanpaina egingo dute uda honetan ere udalerri euskaldunetan. Horretarako hainbat baliabide eskainiko dituzte Uemak eta bertako kide diren dozenaka udalek, eta 250.000 mahai-gaineko inguru banatuko dituzte ostalarien artean. Hainbat garapen agentziak ere egingo dute bat kanpainarekin, iaz bezala: ekainaren 21etik irailaren erdialdera izango da kanpaina.

Bertatik Bertara kanpainarekin, bertako produktuen, paisaiaren eta gainerako eskaintza zabalaren artean, udalerri euskaldunen nortasuna egokien islatzen duena euskara dela nabarmendu nahi dute aurten ere UEMAk Bertatik Bertara kanpainarekin, ekimenean parte hartuko duten udalekin eta garapen agentziekin batera.

Horretarako, bisitarientzat eta zerbitzu sektoreko arduradunentzat eta langileentzat hainbat baliabide prestatu ditu, eta ekainaren erdialdetik aurrera erabilgarri izango dira guztiak: tabernetan eta jatetxeetan erabiltzeko mahai gainekoak, zerbitzu sektoreko eragileei kanpainaren berri emateko baliabideak, eta bisitariek telefonoetan erabili ahal izateko hiztegia, besteak beste. Usurbilgo Udala aste honetan hasiko da merkatari eta ostalariekin harremanetan jartzen. Mahai gainekoak eskuratu nahi dituzten ostalariak udalarekin harremanetan jar daitezke, zuzenean: 943 37 19 99 edo itzultzailea@usurbil.eus.

Bertako hizkuntza ere kalitatea eta hurbiltasuna erakusteko ezinbesteko osagaia dela gogoratu nahi die kanpainak zerbitzu sektoreko arduradunei. Izan ere, jakinarazi zaien moduan, “askotan bertako hizkuntza alde batera uzten dugu, bisitariei arreta erdaretatik eskainita. Ez du zentzurik, egindako inkestek eta ikerketek argi erakusten baitute bisitari asko berariaz etortzen dela udalerri euskaldunetara, eta euskara ikustea eta entzutea gustukoa dutela”.

Eskuorria, gainera, denda, taberna eta jatetxeen ate edo erakusleihoetan itsasteko moduan diseinatu dute, eta euskaraz aritzeko oinarri-oinarrizko hiztegira ere bideratzen ditu bisitariak, QR kodearekin. Gazteleraz, katalanez, frantsesez, ingelesez, alemanez eta galizieraz dago hiztegia.

Era berean, kanpainaren berri emateko spota ere prestatu du UEMAk, bisitariek taberna eta jatetxeetan aurkituko duten mahai-gainekoaren osagarri.