Publicador de contenidos

Atrás Udalak trafikoa mugatzeko sistema bat jarri du Kalezarren, eta astelehenean hasiko da probatzen

Belmonteko hirigune historikoari oinezko izaera eman, eta bertatik pasatzeko baimena soilik bertakoek eta oinarrizko zerbitzuek izango dute laster, ibilgailuen matrikulak irakurtzeko sistema baten bidez, auzotarren eskariz. Salbuespenezko baimenak ere eskatu ahal izango dira, udalean, abenduaren 2tik 20ra bitartean.

22·11·2024


Kalezarko trafikoa mugatzeko sistema bat jarriko du udalak Kalezarren, Belmonteko hirigune historikoari oinezko izaera emanda, auzotarren eskariz. Auzoko bizitza erosoagoa eta seguruagoa izan dadin adostu da neurria, bertatik pasatzeko baimena soilik bertakoek eta oinarrizko zerbitzuek izango dute sistema horren bidez; salbuespenak ere izango dira. Sistema bera jarrita dago, eta astelehenean, azaroaren 25ean, probatzen hasiko dira: aurrerago jarriko da behin betiko martxan, hala ere.

Azken urteetan auzotarrek egindako eskaera bati erantzuten dio Belmonte hirigune historikoari oinezko izaera emateko erabakiak. Hirigintzan eta trafikoan esku hartze txikiak eginda herri zaintzaileago bat izateko aukeraz ohartuta, udalak hiru neurri hartzea erabaki du Belmonteko hirigune historikoari oinezko izaera emateko. Batetik, Felix Aizpurua plaza hiri-altzari berriekin hornituko da, tokia goxatzeko, baina baita ibilgailuen abiadura motelarazteko ere, Zumarte musika eskolaren parean, Kale Nagusian, aurrez egin bezala. Bestetik, hirigune historikoaren eremuan, garaje pribatuez gain, bi aparkaleku baimenduetan soilik aparkatu ahal izango da: beteta badaude, eremutik kanpoko aparkalekuetan utzi beharko dituzte ibilgailuak. Azkenik, trafikoa mugatzeko sistema ezarriko da. Ez da barrerarik ez bestelako oztopo fisikorik jarriko: edozein ibilgailuk pasatu ahal izango du Belmonte kaletik. Horren ordez, hirigune historikoaren bi sarrera-irteeretan matrikula irakurgailu eta semaforo bana jarri da: kamerek ibilgailuen matrikulak irakurriko dituzte, eta datu-basean kontsulta eginda, unean bertan argi berdea edo gorria piztuko da, baimena duten edo ez adieraziz.

Udalak auzotarrekin adostu du zein eremutako ibilgailuek izango duten Belmonteko hirigune historikotik pasatzeko baimena: zehazki, Kalezar auzoa kalearen hasieratik 19. zenbakira arteko etxebizitzetan erroldatutakoak izango dira. Baimendutako etxebizitzetan erroldatutako ibilgailuen zerrenda datu basean sartu da: 220 ibilgailu inguru dira baimenduak. Horrez gain, oinarrizko zerbitzuek zein larrialdi zerbitzuek (suhiltzaileak, anbulantziak edo udal zerbitzuak) ere pasatzeko baimena izango dute. Salbuespenezko baimenak ere emango dira, baina kasu horietan, espresuki egin beharko dute eskaera udalean, arrazoiak azalduz, abenduaren 2tik 20ra bitartean. Goizez, udaleko harreran eskatu ahal izango da, eta ezin duenak arratsaldez Udaltzaingoaren bidez eskatzeko aukera izango du.

Astelehenean, azaroaren 25ean, hasiko da udala probak egiten. Semaforoko argiak pizteaz gain, udalak probatu nahi du ea kamerek, jarrita dauden bezala, matrikulak behar bezala irakurtzen dituzten, abiaduraren arabera akatsik sortzen den, eta abar. Proba fase honetan, ez da isunik jarriko: bai, ordea, sistema behin betiko martxan jarritakoan.

Bide segurtasuneko ordenantza eguneratzen

Kalezarko kasua aitzakia hartuta, Trafikoa, motordun ibilgailuen zirkulazioa eta bide segurtasuna arautuko dituen ordenantza eguneratzeari ekin dio udalak; egun indarrean dagoena 2001ekoa da. Udalaren aurreikuspenen arabera, abenduko osoko bilkuran onartuko da ordenantza, eta otsaila baino lehenago ez da espero indarrean sartzea, erabakia GAOn argitaratu eta jendaurrean jarri beharko baita, alegazioetarako.

Matrikulak irakurtzeko sistema Dinycon enpresari erosi zaio, 14.470 euroan, eta hori udalarekin konektatu ahal izateko beste 1.120 euro inguru behar izan dira. Kopuru horiei gehitu beharko zaizkie oraindik zehaztu gabe dauden seinale berrien eta hiri-altzarien aurrekontuak