Publicador de contenidos
Atrás Udalak obrak egingo ditu, udan, kiroldegian eta Sutegin
05·07·2021
Udalak bi obra nagusi egingo ditu aurtengo udan: Kiroldegiko harmailena eta Sutegi liburutegikoa. Kiroldegiko eskubaloi pistako harmailak berritzeko lizitaziora aurkezteko epea amaitu berri da, eta gaur abiatu da Sutegiko fatxada egokitu eta liburutegiko solairua ixteko lanena.
Kiroldegiko harmailen kasuan, orain arte egon direnak kiroldegia egin zen garaikoak ziren. 2020ko udal-aurrekontuetan 90.000 euroko partida bat gorde zen horretarako, baina Covid19-a tarteko, bertan behera utzi zen, diru hori osasun krisiari eta horren ondorioei aurre egiteko erabiltzea lehenetsita. Harmaila zaharra kendu dute dagoeneko, eta konponketa txiki batzuk egiteko aprobetxatu dute, berria jarri bitartean. Harmaila berriaren proiektuak aurrekontu txikiagoa du, 72.600 eurokoa, harmaila zaharra kentzeko lana brigadak egin baitu. Jasotako eskaintzak baloratu eta lanak esleitzea izango da hurrengo pausoa.
Sutegi liburutegiaren kasuan, bi lan izango dira. Batetik, fatxada egokituko da, eraikinari izaera propioa ematen dion alabastroa ez baita efizientea energetikoki. Bestetik, zerbitzua hobetu eta ikasteko espazio egokiagoa izan dadin, bi solairuen arteko hutsunea itxiko da: espazioa irabazi, eta isiltasun gehiago egongo da. Horrez gain, taldeak biltzeko gune bat egingo dute goiko solairuan, eta espazio hori bereizteko erabiliko dute fatxadako alabastroa, materialari balioa emateko. Proiektua 89.300 euroan atera dute esleipenera, eta uztailaren 30era bitartean izango dute interesdunek proposamenak aurkezteko epea.
Obra gehiago kiroldegian
Ikasturte berrirako obra gehiago egitea aurreikusten da kiroldegian. Zehazki, sauna berria jarriko dute, zaharra kendu eta lekuz aldatuta. Ikasturte berriarekin, bilera bat egin asmo dute erabiltzaileekin, funtzionamenduaz hitz egiteko. Hori aldatzean, dantza taldearentzako lokal berria egokituko du brigadak kiroldegian.