Publicador de contenidos

Udalak LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko zortzi konpromiso adostu dituzte

Ekaineko osoko bilkuran aho batez onartu dute EH Bilduren mozioa. Besteak beste, LGTBI pertsonen egoeraren eta beharren diagnostikoa egitea eta horri erantzungo dion plan bat osatzea onartu dute, baita euren eskubideak bermatzeko zenbait neurri aktibatzea ere.

25·06·2021


LGTBI Harrotasunaren Nazioarteko Egunaren harira, aho batez onartu dute, ekaineko osoko bilkuran, udalak LGTBI pertsonen eskubideak bermatzeko zortzi konpromiso hartzea, EH Bilduren mozio proposamenarekin bat eginez. Udalak LGTBI pertsonen eskubideekin “urteko egun guztietan duen konpromiso politikoa berretsi” nahi izan dute horrela: “Adierazpenetatik harago, jakitun gara gure konpromisoa politika zehatzetan islatu behar dela, mugimendu feministaren eta LGTBI mugimenduaren ordezkari eta adituekin adostu beharreko politikak, hain zuzen ere”. Usurbilgo Udalbatzak gai honen inguruan hiru alderdi politikoen adostasuna lortu izana goraipatu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.

Adierazpenean azaldu dutenez, egungo krisiaren testuinguruak konpromisoak hartzea “inoiz baino gehiago” eskatzen du. “Erakundeetatik pertsona guztientzako eskubide guztiak bermatzeko erantzukizuna dugu, eta bereziki zaindu behar dugu LGTBI bezalako kolektibo zaurgarrienek eskubide horiek izan ditzaten. Argi dugu erne ibili behar dela sexu eta genero aniztasunaren sektore eta alderdi politiko jakin batzuen diskurtso eta planteamenduen gorakadaren aurrean inoiz baino beharrezkoagoa dela LGTBI kolektiboaren eskubideen aldeko borroka ikusaraztea”.

Halaber, Ekainaren 28aren atarian, Euskal Herrian LGTBI kolektiboaren eta pertsona ugariren borroka luze eta ordainezina aitortu dute: “Garai zail hauetan, pertsonen eta gure herriaren emantzipaziorako erreferente direla erakusten jarraitzen dute”.

Honakoak dira mozioa onartuta Usurbilgo Udalak bere gain hartutako konpromisoak:

1. LGTBI pertsonen egoeraren eta beharren diagnostikoa egiteko, pandemiaren krisiaren eraginaren ondorioz, beste erakunde, kolektibo eta gizarte-eragile batzuekin koordinatuta.

2. Egindako diagnostikoari erantzungo dion plan bat osatzeko edota neurriak hartzeko.

3. LGTBI pertsonen aurkako indarkeriaren aurrean erakundeen koordinazio, arreta eta erantzun publikorako protokoloak diseinatzeko eta abian jartzeko.

4. LGTBI pertsonen eskubideak bermatzera bideratutako neurriak aktibatzeko, hala nola: administrazio-formularioetan aldaketak egitea binarismoa gainditzeko, aldagelak eta komunak egokitzea instalazio publikoetan, igerileku publikoen araudiak eta abar.

5. LGTBI biztanleriaren aurkako gorroto-diskurtsoak identifikatzeko mekanismoak ezartzeko (behatokiak, aldizkako azterketa, etab.), eta hainbat eremutan (hezkuntza, kultura, komunikazioa, enpresa eta gizartea, oro har) diskurtso horiei eta jazarpen eta eraso LGTBIFobikoei aurre egiteko ekintzak bultzatzen jarraitzeko (protokoloak, araudi espezifikoak, etab.).

6. Haurrak eta nerabe transexualak babesteko neurriak ezartzeko, bereziki trans errealitatea barne hartzen duten hezkidetza-prozesuak, gizarte- eta hezkuntza-eragileekin.

7. Sexu eta genero disidentziaren gaineko prestakuntza-prozesuak bultzatzeko, langile publiko eta politikoentzat, bereziki, jendeari arreta emateko, eta gizarte- eta hezkuntza-esparrurako.

8. Sentsibilizazio-kanpaina feministak egiteko, egungo testuinguru sozialera egokituta, epe labur, ertain eta luzean, sexu-genero dikotomiari, heteronormatibitateari, sexu-orientazioaren eta genero-identitatearen adierazpen-aniztasunari eta eremu desberdinetan LGTBI pertsonenganako indarkeriaren eta diskriminazioaren adierazpen eta forma anitzei buruzko kontzientzia kritikoa hartzea errazteko.

Herritarrei dei egiten diegu LGTBI mugimenduak eta mugimendu feministak gure herri eta hirietan deitutako ekintzetan parte har dezaten.

Mozioa osorik irakurtzeko.