Publicador de contenidos

Atrás Udalak KPI-aren araberako %2,9ko igoera orokorra ezarriko du 2024ko tasa, zerga eta prezio publikoetan

Prezioen garestitzea eragin zuzena izaten ari da udalean ere. Hori dela eta, zerbitzu publiko bakoitzaren gaineko azterketa ekonomikoa egin, eta Gipuzkoako KPI-aren %2,9ko igoera hartu dute kontuan 2024ko ordenantza fiskalen igoerak ezartzeko.

11·10·2023


Usurbilgo Udalak %2,9ko igoera orokorra ezarriko du 2024ko tasa, zerga eta prezio publikoetan: halaxe onartu dute urri hasieran egindako ezohiko osoko bilkuran. Ohi bezala, Gipuzkoan 2022ko abuztutik 2023ko abuztura izandako KPI-aren igoera da erreferentzia gisa erabilitako datua. Prezioen garestitzea udalean ere izaten ari den eragina ikusita, zerbitzu publiko bakoitzaren azterketa ekonomikoa egin du udalak: inguruko herriekin konparatuta, Usurbilek ditu tasa, prezio eta zerga baxuenak, eta, horregatik, igoera orokorrak zenbait salbuespen izango ditu. Urriko ezohiko bilkuran hartu dute erabakia, EH Bilduren eta EAJren aldeko botoekin; PSE-EEk aurka bozkatu du.

Udalbatzan gogoratu dutenez, hobarien sistemak indarrean jarraituko du 2024an ere: onuradunek %50, %75 edo %90eko deskontuak dituzte hainbat tasa eta prezio publikotan, euren diru sarreren eta bizikidetza unitateko kide kopuruaren arabera. Azken datuen arabera, 200 familia inguru dira hobaridunak Usurbilen.

1 Tasak

1.1. Ur hornidura, estolderia eta arazketa

Igoera orokorraz gain, beste %8 igoko dute, orain arte aplikatu izan ez den kontzeptu batengatik: arazketa. Ur zikinak garbitu eta ibai edo itsasoetara isuri ahal izateko prozesua da arazketa. Añarbe Loiolako araztegiarekin konektatuta dagoen kolektoreko obrak egiten ari da azken urteotan Usurbilen (une honetan, Aginagan), ur zikinak ez daitezen zuzenean Oria ibaira isuri. Añarbek udalari kobratu egiten dio ur zikinak kudeatzeagatik, baina udalak ez die kobratzen herritarrei.

2026 arte, igoera progresiboa egitea planteatzen da, zerbitzuaren gastuak eta sarrerak orekatzeko helburuarekin.

1.2. Hondakinak

Hondakinen tasa %4 igoko da. %2,9ko igoera orokorraz gain, hondakinen tasetan kanonaren kontzeptua gehitu dute. Orain arte, errefusaren tratamendua ordaintzen zen, eta hemendik aurrera, tratamenduaz gain, isurketagatik ere ordainduko da. EAEn urte hasieratik dago indarrean kanona: GHK-k ordaindu du kanona, bere dirutik, udalen izenean, baina 2024an udal bakoitzak aurreikusi beharko du gastu hori, eta, beraz, ordenantzetan txertatzea erabaki dute.

1.3. Terrazak

Terrazen tasak bere horretan mantenduko dira: izan ere, 2024an, terrazen ordenantzak ostalariekin batera berritzeko asmoa du udalak, eta dagozkien igoerak 2025ean aplikatuko ditu. Pandemian emandako baimen berezien ostean, udal-baimenak eguneratu eta terrazetara bideratutako espazio publikoa arautzeko urtea izango da 2024a.

2 Prezio publikoak

2.1. Kiroldegia

Kiroldegiko tasa %4 igoko da, ohi bezala, Buruntzaldeko eskualdean hala adostuta, eta 2026 bitarte, modu progresiboan igoko da: urtez urte, %0,5eko igoera. Izan ere, gastuen igoera nabarmena izango da, energiaren garestitzearen eta kiroldegiko langileen lan hitzarmen berriaren ondorioz.

2.2. Udajolas

Kuota igoko da, 15 euro, gastuen igoeraren ondorioz. Hala, 2024an, kuota arrunta 105 eurokoa izango da, eta familia ugariena, 90 eurokoa.

2.3. Haur eskola

Haur eskolako tarifak nabarmen gutxitu dira, doakotasunaren norabidean.

2.4. Usurbil Museo Irekia

2023an martxan jarritako bisita gidatuak kobratu egiten dira, eta ordenantza fiskaletan sartu dituzte. Bisita gidatu arruntaren prezioa 3 eurokoa izango da, bisita bereziena 5 eurokoa eta taldeko bisita gidatu arrunta, 14 eurokoa.

3 Zergak

Trantsizio ekosoziala sarituko da:

3.1. Ondasun Higiezinen gaineko Zerga

Energia aprobetxamendurako inbertsioa edo obrak egiteagatik hobariak izango dira: kuota osoaren %40eko hobaria izango da, eguzki energiaren edo bestelako energia berriztagarrien aprobetxamendu termiko edo elektrikorako sistemak instalatuta dituzten ondasun higiezinetarako. Baldintza bat izango du: hobaria ezarraldi bakarrean aplikatuko da.

3.2. Trakzio mekanikoko ibilgailuen zerga

%50 arteko hobariak izango dira, lau urtez, ibilgailu hibridoak edo elektrikoak matrikulatzen direnetik.

3.3. Eraikuntza, Instalazio eta Obren gaineko Zerga

%95ko hobariak izango dira.