Publicador de contenidos

Atrás Udalak klima aldaketa eta energia trantsizio teknikaria kontratatzeko lan eskaintza egin du

Herritarrei energia berriztagarrien inguruko zalantza eta aholkularitza zerbitzua eskaintzea eta pobrezia energetiko egoeran daudenei laguntzea da lanpostuaren helburua, udalaren eta udal ekipamenduen energia kontsumoa kudeatzeaz gain. Unibertsitate ikasketak bukatu berri dituzten gazteei zuzenduta dago, eta urtebeteko praktiketako lan kontratua eskaintzen da, Europako Batasuneko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitako dirulaguntza baten bidez finantzatua.

04·10·2023


Usurbilgo Udalak klima aldaketa eta trantsizio teknikaria kontratatzeko lan eskaintza egin du: Lanbiden argitaratu berri da. Lehen lanbide esperientzia izateko programak finantzatzeko Europako Batasuneko Berreskuratze, Eraldaketa eta Erresilientzia Planaren baitako dirulaguntza baten bidez egin du eskaintza: unibertsitate ikasketak bukatu berri dituzten gazteei zuzenduta dago, eta praktiketako lan kontratua eskainiko zaie, urtebeterako. Hautagaiek urriaren 8ra arte izango dute izena emateko aukera, eta urriaren bigarren hamabostaldian lanean hasi ahal izatea da udalaren asmoa.

Lanpostuak hiru helburu nagusi ditu. Batetik, herritarrei energia berriztagarrien inguruko zalantza eta aholkularitza zerbitzua eskaintzea, eta, bestetik, pobrezia energetiko egoeran daudenei laguntzea. Horrez gain, teknikariak udalaren eta udal ekipamenduen energia kontsumoaren kudeaketa ere egingo du.

Hautagaiek bost baldintza bete beharko dituzte ezinbestean:

  • 30 urte baino gutxiago izatea.
  • Langabetua izan eta Lanbiden alta emanda egotea enplegu eskatzaile gisa.
  • Ikasketak amaitu dituenetik hiru urte baino gehiago igaro ez izana.
  • Ingeniaritza titulu bat izatea: industriala, ingurumenekoa, energetikoa, energia berriztagarriena, elektrikoa edo elektronikoa.
  • Euskara: C1 maila.

Horrez gain, baloratuko da 4. Hizkuntza Eskakizuna eta energia arloko masterren bat eginda izatea.

2020 amaieran ere udalak energia teknikari bat kontratatu zuen, gazteen lehenengo lan aukera eskaintzeko programa baten bidez, eta bulegoa ere ireki zuen, Artzabalen. Oraingo honetan, teknikaria udalean egongo da, eta hitzorduren bat nahi duenak telefonoz eskatu beharko du, udalera deituta (943 37 19 51).