Udalak haur eskolaren familien kuotaren %62 bere gain hartuko du hurrengo ikasturtean
26·05·2023
Udalak ekarpen ekonomiko handiagoa egingo dio udal haur eskolari 2023-24 ikasturtean, gurasoen kuotaren %62 bere gain hartuta: hala erabaki dute maiatzeko osoko bilkuran, EH Bilduren botoekin; EAJ abstenitu egin da. Eusko Jaurlaritzak iragarri zuen doakotasun unibertsala ezartzeko asmoa zuela Partzuergoaren bidez kudeatzen dituen haur eskoletan —jangelaren salbuespenarekin—, baina hortik kanpo utzi zituen udal haur eskolak, finantzazioa bere horretan mantenduz: behin-behineko neurria izango da, Usurbilgo eta inguruko herrien eskaintzaren artean eragingo duen desoreka apaltzeko, urtebeterako.
Beñat Larrañaga zinegotziak azaldu duenez, Jaurlaritzak neurria iragarri zuenetik informazioa jaso zain egon da udala, baina iristen ez zenez, bere kabuz bilatzen aritu da. Otsailaz geroztik, kontsultak eta bilera eskaerak egin dizkiete Partzuergoari eta Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuari, eta lehengo astean iritsi zen Partzuergoaren erantzuna: “Partzuergora pasatzeko eskaera egin behar dela esan zuten, baina inongo momentutan ez zaigu ahalbidetu aldaketa hurrengo ikasturterako egitea”. Ohartarazi duenez, lehendik ere desabantaila egoeran zeuden udal haur eskolak “are egoera okerragoan” utzi ditu Jaurlaritzak.
Hala ere, haur eskolaren doakotasunaren alde egonda, eta “usurbildarrek diskriminazio hori gehiago jasan ez dezaten”, udalak esfortzu ekonomiko handiagoa egitea erabaki dute. Orain arte, Usurbilgo udal haur eskolaren egungo finantzazioa honela banatzen zen: Jaurlaritzak %49, gurasoek %33 eta %18 udalak. Aldaketarekin, gurasoen kuotaren %62 bere gain hartuko du udalak. Aurtengo matrikulazio epean 70 haurrek eman dute izena: udalak 210.000 euro inguru jarriko ditu, aurreko ikasturtean baino 122.000 euro gehiago.
Honakoak izango dira 2023-24 ikasturteko kuotak:
Zerbitzu mota | € / hilean |
Egun osoko zerbitzua | 109,98 |
Egun osoko zerbitzua eta merienda | 118,91 |
Egun erdiko zerbitzua | 44,54 |
Egun erdiko zerbitzua gehi janaria | 84,62 |
Arratsaldeko egun erdia eta merienda | 36,52 |
Txikiak (0-6 hilabete) egun erdia eta biberoia | 45,88 |
Txikiak (0-6 hilabete) egun osoa eta biberoia | 77,95 |
Txikiak (0-6 hilabete) egun osoa, biberoia eta merienda | 87,73 |
Doakotasunaren bidetik, familiek hobarien sistema eskura dute. Bizikidetza unitateko kide kopuruaren eta diru-sarreren arabera, %50, %75 eta %90 arteko hobariak jaso ditzakete, eta, beraz, zerbitzu publikoengatik %50, %25 edo %10 soilik ordaindu beharko lukete: udal haur eskolaren tasan ere aplikagarria da.