Publicador de contenidos
Atrás Udalak etxebizitza hutsen errolda eguneratuko du, datozen asteetan
20·01·2026

Datozen asteetan, udalak etxebizitza hutsen errolda eguneratuko du. Horretarako, gutun bana bidaliko die ustez hutsik dauden etxeen jabeei otsailean, eta hutsik ez daudela arrazoitzeko epea emango die, martxoaren 31ra arte: halakorik egiten ez badute, %150eko errekargua kobratuko zaie OHZ Ondasun Higiezinen gaineko Zergan (maiatzaren 15etik uztailaren 1era izaten da hori ordaintzeko epea). Udalaren kalkuluen arabera, 200 inguru dira herrian hutsik dauden etxebizitzak.
Udalak %150eko errekargua kobratzen die hutsik dauden etxebizitzei: iaz, 2025ean, egin zuen hori lehenengo aldiz, 2024ko urriaren 10eko ezohiko osoko bilkuran hala onartu ostean. Udalak, ordurako, abiatua zuen Usurbil etxebizitza merkatuko tentsio handiko eremu izendatzeko prozedura, eta etxebizitza hutsak alokairura ateratzea bultzatzeko neurri gisa proposatu zen erabakia. 2025 aurretik ere kobratzen zitzaien OHZren errekargua hutsik zeuden etxebizitzei, %50ekoa: Gipuzkoako foru arauak ahalbidetzen duen gehieneko kopurura, %150era, igotzea erabaki zen. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak ezohiko bilkuran emandako datuen arabera, errekarguaren 193 kobrantza bideratu ziren 2025ean: 38 errekurtso izan ziren, eta horietatik 30 onartu zirenez, 163 etxebizitzari kobratu zitzaien errekargua, azkenik.
Aurten, gutun bana bidaliko zaie hutsik dauden etxeen jabeei, eta, hutsik ez badaude, udalari jakinarazteko epe bat izango dute, martxoaren 31ra arte. Hori justifikatzeko modua aldatu egin da 2026ko ordenantza fiskalak onartzearekin batera. 2025 arte, inor erroldatuta egon ezean, alokairu kontratua nahikotzat jotzen zen bertan norbait bizi zela frogatzeko: 2026ko ordenantza fiskaletan jaso denez, aurrerantzean, gutxieneko energia kontsumoa (elektrizitatea eta gasa) aztertuko da etxe bat hutsik ez dagoela frogatzeko irizpide gisa. Hala, aurten, etxe jabeek faktura horiek udalera ekarri beharko dituzte martxoaren 31 baino lehen.
Zenbait salbuespen ere jasotzen ditu arauak, esaterako, etxe jabea zaharren egoitzaren batean badago, etxebizitzan jarduera ekonomikoren bat baldin badago, edo etxeak herentziaz jaso badira (azken kasu horretan, salbuetsita egoteko bi urteko epea izango da). Halako kasuak justifikatuz gero, ez dute errekargua ordaindu beharko.
