Publicador de contenidos

Atrás Udalak eta Txokoaldeko auzotarrek trenbidea bikoizteko proiektuari alegazioak aurkeztu dizkiote, elkarrekin

ETS Eusko Trenbide Sarearen proiektuaren asmo eta helburuekin bat egin arren, ez daude ados obra planteatzeko moduarekin, eta zenbait hobekuntza egiteko eskatu dizkiote, besteak beste, N634 errepidetik Txokoalderako sarbidea egokitzea, zubia birgaitzeko konpromisoa hartzea eta tren zerbitzua berreskuratzea. Obrara iristeko bidea aldatzeko ere eskatu dute, bide berri bat proposatzearekin batera, zeina etorkizunean Usurbil eta Orio lotuko dituen bidegorria izan daitekeen.

02·12·2022


Usurbilgo Udalak eta Txokoaldeko auzotarrek bat egin dute ETS Eusko Trenbide Sareak trenbidea bikoizteko egindako proiektuari alegazioak aurkezteko, eta elkarrekin aurkeztu dituzte, gaur, prentsaurrekoan. Proiektuaren asmo eta helburuekin bat egiten dute, “egungo tren azpiegitura eta zerbitzua hobetzea dakarrelako eta garraio publikoaren erabilera areagotzeko aukera eman dezakeelako”. Argitu dutenez, ordea, ez daude ados proiektua eta obra planteatu duten moduarekin, eta horregatik aurkeztu dituzte alegazioak.

Izatez, aspaldikoa da ETS-ren proiektua: udalak 2008ko abuztuaren 7an jaso zuen proiektu honen inguruko lehenengo idatzia. Orduan egin zuten publiko Aginagako tunela eraikitzeko proiektua, eta udalaren iritzia eskatu zuten. Hamalau urteotan, gorabehera asko izan dira, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatearen esanetan: “Uneren batean, kaxoian sartu ere egin zuten, eta badirudi orain ETSk proiektua berrartu eta gauzatzeko asmoa duela”.

Dimentsio handikoa da ETS-ren proiektua: 30 milioi euro inguruko inbertsioa da, eta obrek hiru urte inguru irautea aurreikusten da. Horren bidez, kostako linea hobetu nahi du: trenen maiztasuna ordu erditik hamabost minutura gutxitu nahi du, besteak beste, eta horretarako Olaberrieta eta Illunberen artean 1,2 kilometroko tunela eraiki nahi dute, trenbidea bikoiztu eta, horrela, trenek gurutzatzeko aukera izan dezaten.

Solaberrietaren esanetan, udalak lehendik ere aurkeztu izan dizkio alegazioak proiektuari, eta ETSko arduradun politiko, tekniko eta juridikoekin bizpahirutan bildu izan da udalaren ekarpenen berri emateko: “Baina gure eskakizunak ez dituzte aintzat hartu, ez orain arte bederen, eta etsigarria da”. Udalak eta Txokoaldeko auzotarrek egindakoak, alegazioak baino “hobekuntzak” direla nabarmendu dute, obrak ingurumenean zein auzoaren egunerokoan izango duen inpaktua gutxitzeko asmoz eginak. Honakoak dira:

Txokoaldeko sarrera-irteerak.

N634 errepidetik Txokoalderako sartu-irteerak oso kaxkarrak dira. Udalak urteak daramatza hori hobetzeko eskatuz, baita hainbat aukera mahai gainean jarri ere. “Entzungor egin zaigu, beti”. Solaberrietak gogoratu duenez, udalak egindako alegazioei esker, EAEKo Errepide Planean jasota dago egungo gasolindegi inguruan biribilgune bat egiteko aukera.

Kamioien joan-etorria etengabekoa izango da egunero, eta ez dago gutxieneko segurtasun baldintzarik bermatuta. “Gaur egun, errepide honek jasaten duen trafikoa eta ibilgailu astunen kopurua ez da txikia, eta horri gehitzen badiogu obra honek eragingo duen kamioien joan-etorria, arriskua erabatekoa da: obrari ekin aurretik, arazo hau konpontzea eskatu dugu”.

Txokoaldeko zubia.

Zubiaren egoeraren ondorioz, 12 tn baino gehiagoko kamioiek pasoa debekatua dute gaur egun. Udalak esku artean du zubia berritzeko proiektua: milioi bat euro inguruko obra da. “Orain arte, ate ugari jo izan ditu udalak, finantziazioa lortu asmoz, baina orain arte inork ez du konpontzeko borondaterik agertu”, nabarmendu du Solaberrietak.

Obrarako sarbide bakarra Txokoalde izanik, eta hara iristeko Oria ibaia zeharkatzea derrigorrezkoa izanik, udalak ezinbesteko baldintza jarri du: zubia konpon dezatela kamioi astunak pasatu ahal izateko. “Hori egin ezean, ez da pasoa baimenduko”. Alkatearen esanetan, ETSk ahoz esan dio udalari tunelaren obra eraikitzeko baldintza eta baimen guztiak lortuz gero zubia konponduko duela, baina konpromisoa idatzizkoa izateko exijitu dute.

Tren pasabidea desagertzeko edo egungo sistema aldatzeko eskaera.

Txokoaldeko pasabide arriskutsua ezabatzeko proiekturik ez dago mahai gainean, eta trenaren maiztasuna bikoizteak auzoko bizi-kalitatea “okertu” egingo du, bai eta auzotarren segurtasuna kolokan jarri ere: izan ere, trena maizago pasatzeak igarobidea denbora gehiagoz ixtea ekarriko du. “Alderdi honek bereziki kezkatzen gaitu, eta alternatiba bat topatzeko deia egin nahi dugu”, nabarmendu du Solaberrietak. Hori dela eta, arazo horri konponbidea emateko eskatu dute.

Obrarako bidea eta etorkizuneko bidegorria.

Txokoaldetik obretara iristeko bidea aldatzeko eskatu dute. ETS-ren proiektuak planteatzen duen bidea “astakeria” da, segurtasunaren zein ingurumenaren ikuspegitik: tren pasabidea gurutzatuta, tren geltokia eta Illunbe baserritik barrena iritsi nahi dute obrara, bost metroko zabalera duen bide bat eginda. Hala ohartarazi dute: “Apeaderoaren parean bidea oso estua da, eta dimentsio handiko ibilgailuak pasatzeko arazoak aurreikusten dira. Illunbe baserria, lehentasunezko interesa duten ondasun higiezin bezala kalifikatua, kaltetuta suertatuko litzateke, obrarako sarbidea litzatekeen bidearen zabalpena etxe atariraino iristen delako. Azkenik, Guardetxe parean, interes etnografikoa duten mugarriak eta natur interesa duen haritza dago”.

Horren aurrean, “aukera jasangarriagoa, merkeagoa, teknikoki errazagoa eta seguruagoa” proposatu dute: trenbidea gurutzatu aurretik, bide alternatiboa Txokoaldeko aparkalekutik egitea, trenbidearen paralelo joango dena, erriberatik. Izan ere, modu horretara, obrak Txokoalden izango lukeen eragina nabarmen murriztuko litzateke, kamioiek bide propioa izango baitute. Sarbide berri hori, gainera, baliogarria izango litzateke bizikleta bide izateko: obrarako egin beharreko bideak bidegorri izaten bukatu beharko luke obraren amaieran. Azkenik, ETS-ren trenbidearen segurtasuna hobetuko luke, trenbide gaineko bi pasagune ezabatuko liratekeelako: bertako lur jabeek sarbide egokiagoa eta seguruagoa izango lukete.

Tren geltoki zaharra berreskuratzea.

Txokoalden ETS-ren tren geltokia eta zerbitzua berreskuratzeko ere eskatu dute: “Txokoaldeko eta Aginagako bizi-baldintzak hobetzeko eta autorekiko dagoen ezinbesteko dependentzia murrizteko ezinbesteko neurria da”. Auzotarren esanetan, ez dute eskatzen trena frekuentzia guztietan gelditzeko, ordu jakinetan baizik. Obrak auzoan eragingo dituen trabak direla eta, trenak zenbait geldialdi bertan egitea gizalegezkoa dela nabarmendu dute: “Gelditu Txokoalden: merezi du eta”.

Ingurumen eragina gutxitzeko neurriak.

Proiektuak ingurumenean izango duen eragina gutxitzeko hainbat neurri proposatu dituzte:

  • Tunelaren ekialdeko ahoan, Illunben, jarduketa azalera ahalik eta gehien mugatzeko eskatu dute, eta neurri zuzentzaile moduan, ekosistemaren lehengoratzea eta kontserbazio neurriak hartzeko: esaterako, bertako baso misto bat birlandatzeko eta errekastoko altzadi kantauriarra sustatzeko. “Modu honetan, bertako ekosistema naturalizatu eta Natura 2000 sarearekin lukeen konektagarritasun ekologikoa ere hobetuko litzateke”.
  • Tunelaren mendebaldeko ahoa, Olaberrietan, hezeguneen babeserako lurzoru ez-urbanizagarri berezian eta interes naturalistikoa duten lurzoru ez urbanizagarri berezian kokatzen da. Proiektuan hainbat aukera aztertzen dituen arren, ez da kontuan hartu trenbidea eremu horretan lurperatuta igarotzeko aukera, eta udalaren ustez, aztertu beharrekoa da. Ezinezkoa balitz, obraren eta proiektuaren inpaktua ahalik eta gehien murriztu beharko litzateke, udal araudiaren barruan ez baita onargarria erabilera mota honetako azpiegiturarik.