Publicador de contenidos
Atrás Udalak eta Orbeldi dantza taldeak hitzarmena sinatu dute
13·05·2025

Udalak eta Orbeldi dantza taldeak elkarlanerako hitzarmena sinatu dute, urtebeterako. Bien arteko konpromisoak zehaztu eta arautu dituzte hitzarmenean, baita udalak Orbeldiri lokal bat prekarioz lagatzea ere. Hitzarmenak urtebeteko iraupena izango du, eta urtez urte luzatzeko aukera izango da, bi aldeen adostasunarekin. Gaur sinatu dute dokumentua, Potxoenean, udal-gobernuko zein dantza taldeko ordezkariek.
Jon Mikel Azpiazu Zubeldia Kultura zinegotziaren esanetan, udalaren eta Orbeldi dantza taldearen arteko hartu-emana eta elkarlana “etengabekoa” izan da. Orain arte, ez dute lankidetzarako hitzarmenik sinatu izan, eta Usurbili egiten dion ekarpena aintzat hartuta, hartu-eman hori formalizatzea adostu dute: idatziz jaso dituzte bi aldeek elkarrekiko hartu dituzten konpromisoak.
Orbeldi dantza taldeak, bere aldetik, Usurbilen euskal dantzaren tradizioa sustatuko du, eta abiatzen dituen kultura alorreko jarduerak publikoari irekiak izango dira. Urritik ekainera, dantza ikastaroak eskainiko dizkie 5 urtetik gorako herritarrei, eta Dantza Eguna eta Dantzari Txiki antolatuko ditu. Herriko eragileekin elkarlana sustatuko du, Santixabeletan parte hartuko du, eta uztailaren 2ko soka dantzarako prestatuko ditu herriko zinegotziak eta gonbidatuak. Udalak beharra izan dezakeen beste bi ekitalditan ere laguntzeko konpromisoa hartu du, esaterako, ohorezko agurra dantzatuz.
Udalak dirulaguntza bat emango dio dantza taldeari, 14.000 eurokoa, euskal dantzak eta herri folklorea sustatu eta hitzarmenean aipatutako ekintzak gauzatu ahal izateko. Horrez gain, lokal bat prekarioz lagako dio, zehazki, San Esteban kaleko 11. zenbakikoa, batik bat, materiala gordetzeko. Udalak bere gain hartuko ditu uraren eta hondakinen kuota, argindarra, lokalaren asegurua eta mantenu lanak egitea. Orbeldik erantzukizun zibilaren aseguru-poliza kontratatu beharko du, eta lokalaren garbitasunaz arduratuko da.
Haur, gazte eta helduek parte hartzen dute Orbeldi dantza taldean: guztira, 160 dantzari dira, 100 haur eta 60 heldu. Horrez gain, txistulari, jostun eta laguntzaileen artean, beste 15 lagunek parte hartzen dute. Elkarte gisa 2015ean osatu bazen ere, urte askoan lan egin zuten aurrez haurrekin, Usurbil Dantza Taldea izenarekin.
Aitor Agirrek, Orbeldiren ordezkari gisa, dantzak herrian izandako bilakaera gogoratu du: “Diktadura ostean dantzak Usurbilen izan zuen bilakaerari buruzko liburua atera genuen, udalarekin batera, 2013an, eta horren ostean iritsi zen lehenengo dantza eguna, aurten 13. ekitaldia bete duena. Nork esango zuen, urtez urte, 50 herritarretik gora biltzen dituen ikuskizun berri bat egiten jarraituko genuenik? Bada, hala da, eta oso harro gaude dantzak gure herrian hartu duen bidearekin”.
Agirrek nabarmendu duenez, udalarekin sinatutako hitzarmena lagungarria izango da taldea kudeatu eta azken urteotan hartu duen bidea malguagoa izan dadin. Zentzu horretan, eskerrak eman dizkio udalari, hitzarmena sinatzeko izandako prestasunagatik zein urteotan guztiotan lanean aritu diren zinegotzi eta alkateei, “euren gertutasunagatik eta Orbeldiri laguntzeko konpromisoa adierazteagatik”.
Azken urteek erakutsi dute Usurbil dantza zalea dela, Agirreren esanetan, eta horri eutsi nahi diote: “Dantza emanaldietan jende dezente biltzen da, bai ikusteko, bai dantzari bezala parte hartzeko ere. Guk lanean jarraituko dugu gure pasioa herrian errotuta mantendu dadin”.

