Publicador de contenidos
Atrás Udalak eta Lauburu elkarteak hitzarmena sinatu dute
12·06·2025
Udalak eta Lauburu erraldoi eta buruhandien elkarteak hitzarmena sinatu dute, erraldoi eta buruhandien sustapena eta zaintza egin dezan. Hitzarmenak urtea bukatu arteko iraupena du, eta urtez urte luzatu ahal izango da, dekretuz. Gaur sinatu dute hitzarmena, osoko bilkuren aretoan, udal-gobernuko eta elkarteko ordezkariek.
Elkarte gisa, ofizialki, 2023an erregistratu bazen ere, Lauburu konpartsa lehenago sortu zen, 2013 inguruan. Irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta, egun, 15 lagun inguru aritzen dira erraldoi eta buruhandien sustapenean. Jon Mikel Azpiazu kultura zinegotziak nabarmendu duenez, herriko kultur ondarearen parte dira, eta garrantzitsuak dira herriko jai eta ospakizunetan: “Jai giroa bultzatzen dute, haur zein helduen partaidetza sustatzen da, eta bistakoa da ateratzen diren bakoitzean sortzen den ikusmina”. Zentzu horretan, Lauburu bezalako elkarte bat herrian errotua egoteko zortea du Usurbilek, haren esanetan, “beren emanaldiekin, herria girotzeaz gain, ondare horren zaintza ere egiten dutelako”.
Gaur-gaurkoz, udalak sei buruhandi eta bi erraldoi ditu jabetzan, eta horiek dira Lauburuk han eta hemen erabiltzen dituenak. Azpiazuk jakinarazi dutenez, beste sei buruhandi egiten ari dira, eta uztailaren 1ean, Santixabeletako txupinazoaren ostean, aterako dira lehenengo aldiz. Dataren berri emateko, buruhandien sormen prozesua erakusten duen ikus-entzunezko bat ere prestatu dute.
Hitzarmenean udalak zein elkarteak hartuko dituen konpromisoak jaso dituzte. Lauburuk Usurbilen erraldoi eta buruhandien konpartsa bat egotea sustatuko du, eta urte osoan hainbat irtenaldi egingo ditu: lau Santixabeletan, eta bana herri-auzoko festetan.
Buruhandien zaintzari lotuta, bi multzotan sailkatuko dira: Lauburu konpartsak erabiliko dituenak eta herriko jaietan jai batzordeek edo bestelako eragileek erabiliko dituztenak. Lauburu arduratuko da berak erabiliko dituenen mantentze, garbiketa eta konponketa lanez. Beste eragileek erabiliko dituzten buruhandien mantenua ez du konpartsak bere gain hartu beharko, baina udalari jakinaraziko dio zer-nolako lanak behar dituzten: kalteren bat izan badute, arropa berritu edo garbitu behar da, eta abar.
Lauburuk, gainera, herriko haur eta gazteei prestakuntza eskainiko die, urtean behin gutxienez, entsegu irekiak eta formakuntza ikastaroak antolatuz: irekiak izango dira, eta herriko gazteek konpartsan parte hartzeko helburua izango dute.
Udalak, bere aldetik, diru ekarpena egingo dio elkarteari: 2025ean, 11.200 eurokoa izango da. Bertan sartuta daude, besteak beste, eramaileen dietak, musikariak, auzoetako ekitaldiak, konponketa eta garbiketa eta aseguru gastuak.
Horrez gain, udalak lokal bat doan lagako dio Laubururi, prekarioz, erraldoiak eta buruhandiak han gorde eta konponketak, prestaketak eta entseguak egiteko. Lokal hori, oraingoz, Barrenkale 2 zenbakia duena izango da. Lauburuk erantzukizun zibila estaltzeko asegurua kontratatu beharko du, eta lokalari lotutako hornikuntza gastuak udalaren kontu izango dira.
“Erraldoi eta buruhandien etorkizuna, ziurtatuta”
Usurbilgo buruhandi eta erraldoientzat hitzarmena sinatzeak duen garrantzia nabarmendu du Iñigo Arzallus elkarteko kideak. “Urteetako lanaren ostean, herrian hainbeste maite dugun tradizio honek beste maila baterako jauzia emango du. Hitzarmen honi esker, balioan jartzen dira gure erraldoi eta buruhandiak, baita konpartsak herrian egiten duen jarduna ere. Uste dugu halako akordio batekin herriko irudi handienen etorkizuna ziurtatuta dagoela”.
Arzallusek azaldu duenez, hamabi urte inguruko ibilbidean momentu onak eta ez hain onak izan ditu konpartsak, baina pozik agertu da taldea 2013an martxan jarri zuten kideek konpartsan jarraitzen dutelako. Eta, era berean, orain arte bezala beste eragileekin elkarlanean jarraitzeko gogoa erakutsi du: “Beti izan da gure nahia herritarrei gure ondarea ezagutaraztea, ahalik eta modu duinenean plazaratuz. Hemendik aurrera ere hala jarraitu nahi dugu, udalarekin eta herriko eragileekin elkarlanean erraldoien eta buruhandien kultura zabalduz”.
Uztailaren 1ean estreinatuko diren buruhandiei lotuta, Arzallusek nabarmendu du buruhandi berriek herriko ordezkari izateko helburua dutela. Ez du esan nolakoak izango diren zehazki, baina pistaren bat eman du, aurrerapen gisa: “Esan dezakegu Usurbilgo giza jarduera zein animalia bereizgarrienen irudiak direla, eta modu batera edo bestera, herriko ondare etnografikoari lotuta daudela”.
Aurkezpena eskerrak emateko ere baliatu du Arzallusek, taldearen izenean; udalari eta Kultura sailari ez ezik, gaur egungoei zein haien ibilbidean izandako teknikari eta zinegotziei ere; konpartsako arduradun izan ziren Lontxo Zubiriari eta Angel Trulleni, hastapenetan emandako laguntzagatik; haiekin batera ibilitako dultzaineroei, Zumarte musika eskolari eta, bereziki, txistulariei; konpartsatik igarotako gazteei eta euren aurretik erraldoi eta buruhandien azpian sartu izan direnei, eta, noski, ateratzen diren aldiro gerturatzen zaizkien herritar guztiei.