Noticias
Atrás

Udalak eta ETSk hitzarmena itxi dute tren geltoki berria egiteko

Geltoki berriarekin, oinezkoen segurtasuna bermatuko da, egungo trenbide-pasagunea ezabatuko baita, herriko puntu arriskutsuetako bat desagerraraziz. Ikasturte berriarekin, udal-gobernuak Etxealdiara joateko asmoa du, tren geltoki berriaz, San Esteban kalearen proiektuaz eta auzoaren irisgarritasun planaz hitz egiteko.

28·07·2022


Udalak eta ETS Euskal Trenbide Sareak hitzarmena itxi dute Usurbilen tren geltoki berria egiteko. Hala jakinarazi zuen udal gobernuak uztaileko osoko bilkuran, San Esteban kalea berritzeko partidaz hizketan ari zela. Proiektua idatzia du ETSk, eta epe motzean abituko du proiektuaren lizitazioa. Legealdian zehar, hartu-eman etengabean izan dira udala eta ETS hitzarmena ixteko, batez ere, tren geltoki berria herriarentzat ahalik eta egokiena izan dadin eta, 2010ean ez bezala, proiektua gauza dadin.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak iragarri zuen: “Uztailean aurkeztu nahi genuen, baina irailerako utzi dugu: gaur bertan itxi dugu udalaren eta ETSren artean Usurbilen tren geltoki berria egiteko hitzarmena”. Alkateak azaldu duenez, udalak San Esteban kalerako duen urbanizazio proiektua eta ETSren geltoki berriarena bateratzeko ahaleginean aritu dira azken asteetan: “Eskatu diegu euren proiektuan aldaketa batzuk egitea, geltoki berriak gure proiektuari kalterik egin ez diezaion: horretan aritu garelako luzatu gara”. Solaberrietaren esanetan, udal-gobernuak irailean Etxealdiara joateko asmoa du, tren geltoki berriaz, San Esteban kalearen proiektuaz eta auzorako lantzen ari diren irisgarritasun proiektuaz hitz egitera: “Denak zerikusia du: elkar eragiten duten hiru proiektu dira”.

Uztaileko osoko bilkuran onartutako kreditu aldaketaz ari zirela egin zuten aipamena. Kreditu aldaketarekin, besteak beste, San Esteban kalea berritzeko 175.000 euroko partida onartu zuten. Lur Etxeberria zinegotziak horren inguruko zenbait xehetasun eman zituen: “Proiektua idazten ari gara, eta ia bukatuta dago, tren geltokira eta Santuenera doan aldapan oinezkoek lehentasuna izan dezaten. 175.000 euro lehenengo fasea egiteko izango dira, eta kalearekin batera azpiegiturak berritzeko ere aprobetxatuko dugu. Kale hori zenbat oinezkok erabiltzen duten ikusita, horien segurtasuna bermatu nahi dugu; dena den, kotxeek ere bertatik pasatzeko aukera izango dute”.

Tren geltoki berria Donostiako Errekaldekoaren antzekoa izango da. Oinezkoen egungo trenbide-pasagune inguruan jarriko dute, eta herrigunetik zein Santuenetik joanda ere, zubitik sartuko dira erabiltzaileak geltokira: eskaileren edo igogailuaren bidez jaitsiko lirateke Donostiara edo Zarautza joateko nasetara. Horrez gain, N634 errepidea ez ezik, trenbidea ere gaindituko du zubiak, Ingemar sarreraraino eramango baitute, oinezkoentzako lotura zuzenagoa sortuz.

2010ean, hain zuzen, ETSk Usurbilen tren geltoki berria egiteko proiektua idatzi zuen, baina baztertu egin zuten, eta gauzatu gabe utzi. Proiektua berridazteari ekin zion 2020an, eta udalari hitz eman zion oraingoan gauzatu egingo dutela. Udalak proiektua egokitzeko hausnarketa egin zuen, oinezkoen mugikortasuna erosoagoa izan dadin, eta ETSri planteatu: begi onez hartu zituzten. Lizitazioa abiatzear, proiektua gauzatze bidean da.