Publicador de contenidos

Atrás Udalak eta Behemendi elkarteak Usurbilgo baserri konposta abiatu dute, elkarlanean

Herrian sortutako hondakin organikoaren zati bat Lartzandieta baserrian konpostatzen hasi dira: urtean 48 biohondakin tona hartzeko gaitasuna du. Hondakinen kudeaketan Usurbilek egindako ibilbide luzearen hurrengo urratsa da baserri konpostarena, Usurbil 0.0. programa bide orri izanik. Proiektu pilotua da, oraingoz: abenduan hasita, hirutan egin dute prozesua.

04·04·2022


Usurbilgo Udalak eta Behemendi elkarteak baserri konposta abiatu dute, elkarlanean. Halaxe jakinarazi dute gaur, prentsaurrekoan, Agurtzane Solaberrieta Mesa Usurbilgo alkateak, Mikel Zendoia Laskarai landa garapenerako Behemendi elkarteko kideak, Ibon Goikoetxea Retegi Usurbilgo Udaleko ingurumen eta nekazaritza teknikariak eta Koldo Huegun Zapirain nekazariak. Alkateak azaldu duenez, herrian sortutako hondakin organikoa herrian bertan kudeatzea du helburu proiektu pilotu honek: abenduan hasi zuten baserri konposta, Txokoaldeko Lartzandieta baserrian, eta hirutan egin dute prozesua. Udalak bideo bat egin du baserri konposta zer den eta nola egiten den erakusteko. [Osorik, behean].

Usurbil 0.0. bide orriaren parte.

Solaberrietak gogoratu duenez, Usurbilgo Udalak ibilbide luzea egina du hondakinen kudeaketan, eta prozesu horren hurrengo pausoa da baserri konpostaren proiektu pilotua: aukerarik bada, beste baserri batzuetara zabaltzeko bokazioa du. Ibilbide hori estu lotuta dago 2009an Usurbilen abiatu zen hondakinen atez ateko bilketarekin, eta zenbait datu eman ditu, sistema horren eraginkortasunaren erakusgarri: 2008an, atez atekorik gabe, hondakinen %30 bildu zen gaika Usurbilen; 2009an, atez atekoaren lehenengo urtean, %71; azken datuak 2021ekoak dira: %87ra igo da kopurua. Eta, horrekin batera, 2011n beste proiektu aitzindari bat abiatu zuten: auzokonposta. Gaur egun, 575 familiak etxean edo auzoan kudeatzen dituzte beren hondakin organikoak.

2017an, urteetako gaikako bilketa datu onek erakusten duten herriko hondakinen ezagutzan oinarrituta, Usurbil 0.0. hondakinen prebentziorako eta kudeaketarako programa abiatu zuten, “ahalmen tekniko-ekonomiko mugatua izan arren”, gehitu Solaberrietak. “Hondakinen kudeaketan 0a izaten da askotan erreferentzia eta helburua; eta gure buruarekin zorrotzak izan nahian, 0 bat ez, bi zero jarri genizkion gure ereduari, hondakinen ziklo osoan bikaintasuna helburu. Eta emaitzak eskuetan, bide horretan goaz, nahiz eta badaukagun zer hobetua. Hau herri lorpena izan da. Eta arrakastaren arrazoi nagusia elkarlana izan da: udala eta herritarrok eskutik aritu garelako erronka kolektibo honetan”.

Usurbil 0.0. programa sei urterako osatu zuten, eta hori da udalaren ibilbide-orria. “Horren arabera ari gara urratsak egiten eta egitasmo ugari martxan jartzen. Baserri konpostarena ere lan-marko horretan kokatu behar dugu”. Baserritarrek eta Behemendik hartzen dute parte baserri konpostaren egitasmoan, udalarekin batera. Gai organikoak Behemendiren esku uzten dira, herriko baserritarrek azpiegitura egokien bidez konposta sortu eta erabil dezaten. “Hori bezain sinple, eta hori bezain eraginkor. Herrian sortutako hondakin organikoa herrian bertan kudeatzea da helburua, ikuspegi zirkularra landuz. Sortutako hondakina naturara itzuliko dugu, kalterik eragin gabe, eta modu probetxugarrian, gainera. Hondakinak lehengai bihurtzen ditugu”, nabarmendu du Solaberrietak.

Lauzpabost hilabeteko prozesua.

Baserri konpostak bi oinarri nagusi ditu, Goikoetxeak azaldu duenez: batetik, Usurbilen bildutako biohondakina edo hondakin organikoa, eta, bestetik, Lartzandieta baserria bera. Haren esanetan, planta txikia da Lartzandietakoa. Izan ere, urtean, 700-800 tona biohondakin biltzen dira Usurbilen, eta horietatik 48 konpostatuko dituzte Lartzandietan.

Baserri konposta nola egiten den ere azaldu du Goikoetxeak. “Prozesua oso modu sinplean egiten da. Biohondakina baserrira eramaten da, eta han baserritarrak prest utzi duen egituratzailearen gainean botatzen da. Biohondakina eta egituratzailea nahasten du traktorearen eta bolteadoraren laguntzarekin, eta errenkada batean prest uzten dugu, konpostaje prozesua has dadin”. Errenkada estalita utzi, eta lauzpabost hilabetean lortuko du nekazariak bere baserrian erabiltzeko moduko konposta. “Bitarte horretan, hainbat lan egin behar dira, prozesua bide onean doala ziurtatzeko: tenperaturak hartu, hezetasuna kontrolatu, aldian aldiro guztia nahastu berriz...”. Goikoetxeak nabarmendu duenez, gainera, aipatzekoa da nekazariak ez duela soilik lan-eskua jartzen: oilaskoen hazkuntzatik eratorritako simaurra aprobetxatu egiten da konposterako egituratzaile bezala.

Goikoetxeak jakinarazi duenez, abenduan jarri zuten martxan baserri konpostaren proiektu pilotua. Ordutik, hiru alditan errepikatu dute prozesua, eta, beraz, hiru errenkada daude Lartzandieta baserrian. “Abenduan egin zen lehenengo hustuketa, eta bukatzear da errenkada horren konpostatze prozesua: gutxi barru jakingo dugu zer moduzko konposta lortu dugun”.

Nekazarien jarduna bultzatzen.

Nekazal eremuetarako zerbitzuak sortu eta antolatzea da Behemendi elkartearen helburuetako bat, eremu horietan bizi direnen beharrak asetzeko asmoarekin, Zendoiak azaldu duenez. “Baserri konpostak bete-betean egiten du bat helburu horrekin, gure ustez: nekazarien eguneroko lanen osagarri izateaz gain, euren jarduna bultzatu eta indartzen baitu”.

Huegun, Lartzandieta baserrikoa eta baserri konposta martxan jarri duen nekazaria, bat dator Zendoiarekin: “Ikusi dugu kaleko organikoa konpostatzeko proiektu hau eta baserriko jarduna erabat uztargarriak direla”. Huegunek, Lartzandieta baserriaren barne, Bordatxuri ustiategia du, eta oilaskoen hazkuntzan jarduten du, Lumagorriren barne. Orain, lan hori eta baserri konpostarena uztartzen ditu.

Usurbilgo baserri konpostaren bideoa: