Publicador de contenidos

Atrás Udalak eskaera egingo dio Eusko Jaurlaritzari Usurbil tentsio handiko eremu izenda dezan

Tentsio handiko etxebizitza-merkatuko eremu izendatzeko bi baldintzetako bat betetzen du Usurbilek. Izendapena eskuratzeko egindako etxebizitzen diagnostikoaren zein planaren inguruko azalpenak emateko bilera irekia egingo du udalak, maiatzaren 7an, Txirikordan.

25·03·2025


Udalak Eusko Jaurlaritzari eskatuko dio izenda dezala Usurbil tentsio handiko etxebizitza-merkatuko eremu. Izendapen hori eskuratzeko, bi baldintza ezarriak ditu Etxebizitza Eskubideari buruzko 12/2023 legeak, eta bietako bat betetzea nahikoa da izendapena eskuratzeko: horixe da Usurbilen kasua, eta eskaera egingo du ofizialki martxoaren amaieran. Etxebizitzen diagnostikoaren zein planaren berri emateko bilera irekia egingo da, maiatzaren 7an, 18:00etan, Txirikordan.

Udalerri bat tentsio handiko eremu izendatzeko bi baldintza zehazten ditu 12/2023 legeak. Batetik, azken bost urteetan alokairuaren prezioa KPI Kontsumo Prezioen Indizea baino hiru puntu gehiago igo izana, eta, bestetik, herritarrek euren diru-sarreren %30 baino gehiago bideratzea etxebizitzari lotutako gastuetara (alokairua, hipoteka eta etxeko oinarrizko hornidura gastuak barne hartuta). Usurbilen lehenengo baldintza betetzen da; Etxebizitzaren Euskal Behatokiaren txostenean, alokairuaren prezioa gehien hazi zen udalerrien artean zerrendatu zuten Usurbil, %19,90-ko igoerarekin. Bigarren baldintza ez du betetzen, baina gutxigatik, %28 inguru bideratzen baita, batez beste, etxebizitzen gastuetara.

Izendapena eskuratzeko baldintza bakarra betetzea nahikoa denez, eskaerarekin aurrera egingo du udalak, aurrez, legeak zehazten duen bezala, bi lan egin ostean. Batetik, herriko etxebizitzen inguruko diagnostikoa egitea, eta, bestetik, hiru urterako ekintza plan bat osatzea: udalak biak esku artean ditu, dagoeneko. Usurbilen kasuan, planaren indarraldia 2026-2028 aldirako litzateke, izendapena ofizialki eskuratzeko 2025 amaiera izango dela aurreikusten baita.

Udalak eskatuta, Usurbilgo ekintza planean herritarren zaintza beharrak aintzat hartu dira. Helburua da Usurbilgo biztanle guztien etxebizitza-beharrei erantzutea bizitza-ziklo osoan, gazteen emantzipaziotik hasi eta adinekoentzako etxebizitza-baliabideetara, laguntza- eta zaintza-zerbitzuekin; izan ere, bizitzan zehar zaintza beharrak aldatu egiten dira, eta, beraz, baita etxebizitza beharrak ere.

Planaren indarraldiak bat egingo du, gainera, behin-behineko onarpena eman berri zaion HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorraren lehenengo laurtekoarekin, eta hala islatu dute planean ere. Izan ere, HAPOan antolatutako etxebizitzen garapen orekatu bati eusteko helburuarekin, epe luzerako eta lau urteko fasekako programazioa aurreikusi zen HAPOan. Hirigintza dokumentu horren behin betiko onarpena 2026rako iristea espero denez, lehenengo laurtekoak eta etxebizitza planak denboran bat egingo dute.

Tentsio handiko eremu izendapenak hiru urteko epemuga du, eta ondoriozko neurri nagusiek alokairuan dute eragina. Epe hori pasata, luzatzeko aukera izango da, hastapeneko baldintzek jarraitzen badute eta egoera hobetzeko jarduerak justifikatzen badira. Ekintza planean, halaber, etxebizitzaren arazoari aurre egiteko hainbat neurri edo proposamen ere zehazten dira, baita zeintzuk lehenetsiko diren ere.

Guztien berri emango dute maiatzaren 7an, 18:00etan, Txirikordako sotoan egingo den bilera irekian.