Publicador de contenidos

Atrás Udalak ekipamendu publikoetako edukiera %60ra murriztea erabaki du, prebentzioz

Azken egunetan gaitzak herrian hartu duen gorakadak bultzatuta hartu du erabakia, gutxienez, bi asterako. Azken egunetako datuen gorakadaren jatorria identifikatu du Osasun Sailak, udalari jakinarazi berri dionez: brote edo agerraldiak larunbatean jatetxe batean izan zen bazkarian du jatorria, eta han izandakoei deitzen ari dira, probak egin ditzaten eta transmisio katea ahalik eta azkarren eten dadin. Udala eta eragileak elkarlanean ari dira ekitaldiak neurri berrietara egokitzeko.

19·11·2021


Ekipamendu publikoetako edukiera %60ra murriztea erabaki du udalak, prebentzio neurri gisa, espazio itxietan bil daitekeen jendearen arteko distantzia bermatu ahal izateko. Azken egunetan goranzko joera hartu du Covid19ak Usurbilen, eta, aurreikuspenen arabera, hurrengo egunetan datuek ildo beretik jarraituko dutenez, espazio itxietan egingo diren ekitaldiei begirako neurria hartzea erabaki du hamabost egunerako: epe hori amaitzean, momentuko egoeraren arabera erabakiko dute neurri horrekin jarraitu edo ez.

Udalak erabakia hartu berritan jaso du Osasun Sailaren deia, gaur goizean: datuen gorakada brote edo agerraldi bati lotua dela baieztatu dute. Larunbatean herriko jatetxe batean izan zen bazkarian du jatorria agerraldiak, eta han bazkaritan izan zirenei deitzen ari dira orain, probak egin eta transmisio katea ahalik eta azkarren eten dadin.

Atzo, azaroaren 17an, izan zen pandemia hasi zenetik Usurbilen egun bakarrean izan den positibo kopururik handiena: 14, hain zuzen. Itxura guztien arabera, zenbait egunetan goranzko joeran jarrai dezakete kutsatzeek, eta, beraz, prebentzioz jokatzea erabaki du udalak. Edukierak %60ra jaitsiko dira jende kopuru gehien aurreikusten den azpiegitura publiko itxietako ekitaldietan: batik bat, Sutegiko auditoriumean, Oiardoko eskubaloi pistan (partiduak tarteko) eta Potxoeneako Urdintxon zein sotoan (aurrez antolatutako ikastaro eta bestelakoek bere horretan jarraituko dute).

Kanpoaldean izango diren ekitaldiei dagokienez, udalak segurtasun neurriak indartzera deitu ditu eragileak: maskararen erabilera bultzatzera, jendearen joan-etorria eta edukiera kontrolatzera, eta jan-edanik balego, aparteko gune batean ezartzera, Eusko Jaurlaritzak atzo ezarritako irizpideei jarraituz.

Udala, bere aldetik, eragileekin elkarlanean ari da hurrengo hamabost egunetarako antolatuta dauden ekitaldiak neurri berrietara nola egokitu aztertzeko. Horrez gain, talde guztien aldetik jasotzen ari den erantzuna eskertu du udalak, prestasun eta borondate erabatekoa erakutsi baitute eragileek.