Publicador de contenidos

Atrás Udalak bat egin du argindarraren prezioaren “iruzur larria” salatzeko urriaren 8an egingo den itzalaldiarekin

Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Euskal Herriko hainbat eragilek deitutako itzalaldia gaur zortzi izango da, 22:00etatik 22:30era bitartean.

01·10·2021


Argindarraren prezioa etengabe igotzen ari dela salatzeko Herrialde Katalanetako, Galiziako eta Euskal Herriko hainbat eragilek [ERC, EH Bildu, BNG, Junts, CUP, Més Per Mallorca eta Més Menorca] deitutako itzalaldiarekin bat egin du Usurbilgo Udalak. Atzo bozkatu zuten Deskonektatu elektriketatik mozioa iraileko osoko bilkuran, eta EH Bilduren babesarekin onartu zuten; EAJ abstenitu egin zen, eta PSE-EEk aurka bozkatu zuen. Urriaren 8an izango da itzalaldia, 22:00etatik 22:30era, baita kazola-jotzea ere.

Udal-gobernuko kideek azaldu zutenez, ez dute herri osoa itzaliko, segurtasun arazorik ez sortzeko: zenbait kaletako argiak baino ez dituzte itzaliko.

Mozioa onartuta, udalak salatu du “Espainiar estatuko enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari diren iruzur larria”, eta Euskal Herriak “subiranotasun energetikoa” behar duela aldarrikatu du: “Espainiar estatuan ezarritako oligopolioa apurtuko duen sistema propioak behar ditugu, sistema bidezkoak publikotik eraikitzeko eta argindarra oinarrizko ondasun eta eskubide gisa errespetatzeko”. Mozioaren bidez, Eusko Jaurlaritza eta Nafarroako Gobernua interpelatu dituzte, “lankidetza publiko-komunitarioa, deszentralizatua eta kontrol publikoa bermatuko duen neurri zehatzak” har ditzan.

Adostasunik ez

Oposizioak ez zuen bat egin udal-gobernuak aurkeztutako mozioarekin. EAJk, bere aldetik, abstentziora jo zuen, eta euren posizioa defendatzeko prestatutako idatzi bat irakurri zuten. Garai hartan “trantsizio energetikoa” kontzeptua erabiltzen ez bazen ere, Eusko Jaurlaritzak duela 40 urte Energiaren Euskal Erakundea bokazio horrekin sortu zela defendatu zuten. “Ordutik, Euskadik energia berriztagarriak, eraginkortasuna eta baliabide propioen aldeko apustua bultzatzen ditu, energia-eredu berri baterako trantsizio-prozesu horri aurre egiteko”. Haien esanetan, Euskadik energia-eskari handia du, eta, aldi berean, gutxi ekoizten du: “Euskadin gas propioa ez kudeatzeari buruz hartutako erabakiak gure energia-eskariaren prezioak gora egitea ekarriko du datozen hilabeteetan; izan ere, Araban daukagun gasa ekoizteari uko egin bazaio ere, EAEko familiek gasa kontsumitzen dute, eta, ondorioz, inportatu egiten da, horrek suposatzen duen ekonomia- eta ingurumen-kostuarekin”.

EAJk, “demagogia- eta amorru-diskurtsoak zabaltzeaz harago”, eskura dauden tresnak erabili behar direla defendatu du. “Irakurketa sinplista eta partzialetatik harago, eraikitzaileak izan behar dugu, eta ez ditugu baztertu behar ingurumen- eta energia-erronkari aurre egiteko bideak. Mota guztietako berriztagarriak (eta biltegiratze-soluzioak) areagotzea, parke eolikoak eta fotovoltaikoak barne, eta energia aurreztea funtsezkoak dira Euskadiren subiranotasun energetikorako bidean”.

PSE-EEk, bere aldetik, “autokritika” eginez hartu zuen hitza, PSOE izan baitzen argindar enpresak pribatizatzen hasi zena, “nahiz eta gero Aznar buru zuen PPk pribatizatu zuen guztiz”. Azken boladan Pedro Sanchez buru duen Madrilgo Gobernuak hartutako neurriak defendatu zituen PSE-EEren zinegotziak: BEZa %21etik %10era jaistea, argindar hornidura eteteko debekua edo bonu soziala. “Neurriok ez dira aski, agian, baina ikusi beharko da zerk funtzionatzen duen eta zer aldatu behar den”.

Beñat Larrañaga EH Bilduko zinegotziak PSE-EEkoari erantzun zion “bitxia” dela PSOEk enpresa horien pribatizazioan izan duen arduraz “desmarkatzea”. “Eta orain ere, gobernuan zaudeten honetan, gertatzen ari denarekiko inolako erremediorik ez jartzea: egunetik egunera record berriak markatzen ditu argindarraren prezioak. Harrigarria da zergak KPIaren azpitik igotzearen aurka egitea, eta ondoren, izugarrizko epelkeriarekin jokatzea enpresa handiak milioiak irabazten ari direnean herritarrei izugarrizko arazoak sortuz”. EAJri erantzun zion, besteak beste, duela bi urte jasangarritasun energetikoaren legea onartu eta EAJren eta EH Bilduren artean udalentzat 100 milioi euroko funts bat jartzea adostu bazuten ere, ez dela martxan jarri.