Publicador de contenidos

Atrás Udalak azpikontratatutako zerbitzuak ez etetea erabaki du, zerbitzuak bizirik mantenduta

Zerbitzua berregokitzeko aukera duten enpresen kontratuak ez dira etengo; berregokitzeko aukerarik ez den kasuetan, bai, behin-behinean etengo dira kontratuak, alarma egoera bukatu arte. Horien kasuan, enpresekin negoziatzen saiatuko da udal-gobernua, langileak babesteko helburuarekin.

30·03·2020


Usurbilgo Udalak ez ditu etengo azpikontratatutako zerbitzuak, zerbitzuak bizirik mantentzeko aukera dagoen bitartean. Kasuan kasu aztertu beharko da kontratu bakoitza: alarma egoera aurretik zer zerbitzu ematen zuten, eta alarma egoeran zein eratara berregokitu dezaketen, zerbitzua bizirik mantentzeko. Berregokitzeko aukerarik ez dutenen kasuetan, eten egin beharko dira kontratu horiek, baina ez dira moztuko: alarma egoerak irauten duen bitarterako soilik etengo dira, suspentsioan utzita. Dena den, azken horien kasuan, enpresekin negoziatzen eta adostasuna lortzen saiatuko da udala, langileak babesteko helburuarekin.

Dozena bat enpresa dira azpikontratatutakoak, izaera desberdinekoak euren artean: BPX (kiroldegiko ikastaroak, sorosleak eta harrera), Ereiten (udaleko artxiboaren diagnostikoa), Arremanitz (hezkidetza programa), Lahar (eguneko arreta), Ostargi (Gaztelekua), eta abar. Hala, kasuan kasu aztertzea erabaki dute, kasu guztietarako erabaki bakar batek balio ez duela argudiatuta. Herritarrei ematen ez zaien zerbitzurik ez kobratzea erabaki zuten hasieran, eta, era berean, ematen ez den zerbitzuengatik ez du ordainduko udalak. Zerbitzua berregokitzeko aukera duten enpresek euren faktura ere berregokitu egin beharko dute.

Udalak sinatutako kontzesioekin, berriz, hasieratik erabaki zen alokairurik ez kobratzea (zahar etxeetako taberna eta ile-apaindegi zerbitzuen kasuetan). Horrez gain, Espainiako Gobernuak ateratako dekretuaren arabera, egoera horretan dauden kasuetan oreka ekonomikoa bilatu behar dela, alegia, konpentsazioa bermatu behar zaiela. Horregatik, udalak erabaki du alarma egoeragatik itxita egongo diren beste denbora luzatzea esleipenaren kontratua.

Gainerako kontratuak

Udalak antolatutako ekitaldiek ere (kultur ekitaldiak, hitzaldiak, ahalduntze-eskolak, tailerrak, emanaldiak, parte-hartze prozesuak...) kontratu bat dute oinarrian. Modu presentzialean ez den beste era batera bermatzeko aukera dagoen kasuetan, kontratu horiek ez dira etengo. Hala egin ezin direnen kasuetan, atzeratzeko aukera emango zaie. Kultur ikuskizunei dagokienez, Covid19 birusaren ondorioz sortutako egoerak kultur eragileek bizi duten prekarietatea areagotu egin duela argudiatuta, kontratu horiek sine die atzeratzea erabaki dute, kontratu horiek bertan behera utzi gabe. Hala, aurrerapen bat orain ordaintzea erabaki dute (%30), eta, gainerakoa, emanaldiaren ostean: horrela, sortzaileak pobreziara ez bideratzea izan dute helburu.