Publicador de contenidos

Atrás Udalak atzerritartasun gaietarako doako aholkularitza juridikoa jarri du martxan

Integrazio-prozesua erraztea helburu, udalak lankidetza hitzarmena sinatu du SOS Arrazakeria erakundearekin: besteak beste, bizileku- eta lan-baimenen, nazionalitate-agirien eskabideen, familia elkartzeen eta tituluak homologatzeen inguruko aholkularitza eskainiko dute. Hilabetean behin izango da, lehenengo ostiraletan, udaletxean bertan.

18·03·2025


Udalak beste aholkularitza juridiko zerbitzu bat jarri du martxan, zehazki, atzerritartasun gaietarako. Azken hilabete eta urteetan, udalak harrera prozesuan jarria du lehenetasuna, eta aholkularitza juridikoa norabide horretan egindako azken urratsa da. Horretarako, lankidetza hitzarmena sinatu berri du SOS Arrazakeria gobernuz kanpoko erakundearekin: doako aholkularitza juridikoa eskainiko da, lehenengo ostiraletan, 15:00etatik 19:00etara, udaletxean. Hitzordua hartu behar da aurrez: adiaz@usurbil.eus / 943 37 71 12.

Harrera integrazio-prozesuaren lehenengo fasea da, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu duenez, eta lehentasunezkotzat du udalak: “Harrera komunitate batera iristen diren pertsonen akonpainamendua da, herritar berritzat aitortzeaz gain, beren eskubideak eta betebeharrak modu efektiboan eskuratu eta gauzatu ditzaten. Alde horretatik, funtsezkoa da ingurune instituzional, sozial eta administratibo berria ezagutzea, helburu horretarako jarritako baliabide eta zerbitzu espezifikoen bidez”.

Solaberrietak gogoratu duenez, hainbat ekimen jarri dira martxan azken hilabete eta urteetan, besteak beste, harrera zerbitzua, baliabideen gida berria, oinarrizko hiztegia, erroldatzearen inguruko eskuorria, eta herrikide berrien integrazio komunitarioa bermatu asmo duen HarEman programa.

Gure herrira bizitzera datozen pertsona asko eta asko migrazio prozesu gogorretatik datoz, eta egungo legeriak, batez ere, Atzerritartasun Legeak, oztopo eta traba ugari ezartzen dizkie herritartasun osoa lortzeko eta eskubide guztien jabe bilakatzeko”, nabarmendu du Solaberrietak. Haren esanetan, hala jaso dute harrera zerbitzuan eta Aniztasun Kontseiluan. Bide horretan laguntzeko eskainiko da, beraz, aholkularitza juridikoko zerbitzua.

SOS Arrazakeriarekin elkarlanean

SOS Arrazakeria Gipuzkoak 30 urtetik gora darama atzerritartasunaren inguruko aholkularitza eskaintzen informazio- eta salaketa-bulegoen bidez. Gaur egun, Donostiako bulegoaz gain, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Aholku Sarearen bidez, aholkularitza zerbitzua eskaintzen du beste hainbat herritan ere: Errenterian, Arrasaten, Zarautzen, Tolosan, Mutrikun eta abar.

Zerbitzuaren helburu nagusia atzerritarrei eta gutxiengo etniko-kulturaletako kideei oinarrizko eskubideetarako sarbidea erraztea da. Hala, horren bidez, era askotako gaien inguruko informazioa eskainiko du SOS Arrazakeriak: bizileku- eta lan-baimenak berritzeko, nazionalitate-agiria eskatzeko, familiak elkartzeko, tituluak homologatzeko, eta abar. Erakundearen esku ez dauden gaietan, berriz, eskuragarri dauden baliabide sozialetara bideratuko dituzte erabiltzaileak.

SOS Arrazakeriaren esanetan, norbanakook eskubideen jabe izateak bizi-kalitateari zuzenean eragiten dio, onerako: “Eskubide jakin batez gozatzea edo baliatzea ez ezik, aldaketa sakonak ere eragiten ditu pertsonaren ongizate emozional eta fisikoan, pertsonen arteko harremanetan, garapen pertsonalean eta gizarteratzean”.

Erakundeko kide den Mikel Mazkiaranek azaldu duenez, kontsulta gehienak tramiteekin zerikusia dutenak izan arren, hortaz haragoko laguntza eskaintzen ahaleginduko dira: “Usurbilek harrera integral bat eman nahi du, eta gu ere saiatuko gara, esaterako: norbaitek bere aurkako diskriminazio ekintza bat salatu nahi badu, guregana etor daiteke”.