Publicador de contenidos

Atrás Udalak Askatasuna eta Sagardo plazak lotuko dituen eskailera egingo du, datozen egunetan

Eskailerek bi plazen artean oinezkoen joan-etorria erraztu eta tokiko merkataritza sustatzea dute helburu. Zubiaurrenea kalean autoentzako bi leku kentzea eragingo du, baina Potxoenea aurrean bi berri sortu dituzte, edukiontzia lekuz aldatuta.

01·03·2023


Gaur hasiko da Usurbilgo Udala Askatasuna eta Sagardo plazak lotuko dituen eskailera egiten: udal-brigadak egingo ditu lanak martxoan. Eskaileren helburua da bi plazen artean oinezkoen joan-etorria erraztea, tokiko merkataritza sustatzeko mesedetan. Izan ere, neurri hori bera Usurbilgo tokiko merkataritza eta ostalaritza zerbitzuak indarberritzeko planean jasoa dago, 2020an egin zen diagnostikoaren ostean proposatu zituzten ekintzen artean.

Legealdiaren hasieran ekin zioten udalak, Siadecok eta Hurbilagok, elkarlanean, Usurbilgo herri-merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko plan bereziaren eguneratzeari. Izan ere, 2009an egin zen plan hori lehenengo aldiz, eta berritzeko beharra nabaria zen, hainbat arrazoirengatik. Batetik, ordutik hainbat alorretan izan diren aldaketak behatu nahi izan zituzten (kontsumo ohituren aldaketa, Intenetez eta saltoki handietan kontsumitzeko joeraren gorakada). Bestetik, aurrera begira herri merkataritza eta ostalaritza biziberritzeko zein bide jorra daitezkeen aztertu nahi zuten. Horrekin guztiarekin, gutxienez bost urterako ekintza plan bat zehaztu zuten, hainbat alorretan eragiteko proposamen zehatzak eginez.

Hirigintzari lotutako zenbait proposamen egin zituzten, tartean, dema plaza eta Sagardo plazaren arteko oinezko loturak indartzea, Askatasuna plaza zeharkatuz. Izan ere, dema plazaren eta Zubiaurrenea kalearen inguruan daude herriguneko bi merkataritza eremu nagusi, baina eremuaren ezaugarri urbanistikoek bien arteko lotura oztopatzen dute. Hala, Askatasuna plazako eskailerek helburu horri erantzuten diote.

Eskailerak eginda, autoentzako bi leku kenduko dira Zubiaurrenea kalean, baina Potxoenea aurrean bi berri sortu dituzte, beiraren edukiontzia lekuz aldatu, eta lurrazpiko edukiontziak kenduta.