Publicador de contenidos

Atrás Udalak 862.000 euroko kreditu aldaketa onartu du, besteak beste, auzoetako inbertsioak martxan jartzeko

Etxealdian, Santuenean eta Kalezarren egin beharreko zenbait inbertsio gauzatzea ahalbidetuko du kreditu aldaketaren ia erdiak; beste erdia gastu arruntetara bideratuko da, prezioen igoera handi baten ondorioz.

29·09·2023


Udalak 862.000 euroko kreditu aldaketa onartu du, iraileko osoko bilkuran, EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EAJk abstentziora jo du. Udal-gobernuak azaldu duenez, kreditu aldaketaren erdia auzoetako inbertsioak martxan jartzeko baliatuko dute, eta beste erdia, gastu arruntetara bideratuko da, elektrizitate eta gas fakturetara, prezioen igoera handi baten ondorioz. Diru horren zati handiena, ia 700.000 euro, udalaren gerakinetik aterako da, eta gainerakoa, 170.000 euro inguru, jasotzea espero ez zuen dirulaguntza baten bidez iritsi da (San Esteban kalea oinezkotzekoa).

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez, udaleko sail guztietan ariketa egin dute, irail hasieran. Urtea amaitu bitarteko aurreikuspenak egitea izan da helburua: zein partida zeuden agortzear, zeintzuk ez diren erabat gastatuko eta, inbertsioen atalean, zeintzuk diren aurreikusitakoa baino diru gehiago behar zutenak. Ariketa horretatik, hiru kreditu aldaketa egin dira: bi alkate dekretuz onartu dira, eta bestea, 862.000 eurokoa, plenoak onartu behar zuen.

Kreditu aldaketa horren erdia, 400.000 euro inguru, udalak auzoetan martxan jarri nahi dituen inbertsioekin daude lotuta. Etxealdian, esaterako, auzoaren beheko aldeko aparkalekuak egokitu eta espazioaren berrantolaketa egitera doa. “Aurreikuspenetan motz ibili ginen: 75.000 euro jarri genituen, eta beste 300.000 euro behar ditugu”. Santuenean auzoaren sarrera berrantolatuko dute, eta aurreikusi baino 50.000 euro gehiago bideratuko dituzte. Kalezarren, Txirikordatik Egurtzegirainoko aldapa konpondu eta azpiegiturak berrituko dituzte, eta beste 50.000 euro gehiago bideratuko da lan horiek egiteko.

Kreditu aldaketa horren beste erdia, 400.000 euro gutxi gorabehera, gastu arruntei aurre egitera bideratuko dira, batik bat elektrizitateari eta gasari lotuta. “Usurbigo Udalak ez ezik, gainerako Gipuzkoako udalek ere ezusteko bat izan dugu aurten. Zenbait zerbitzu jasotzeko, Gipuzkoako Aldundiko zentralera atxikita gaude. Aurrekontuak egin zirenean aurreikuspenak orduko tarifen arabera egin ziren, baina urtearen lehen hilabeteetan diputazioak aurretik zuen lizitazioa amaitu zen, eta ez zuen lizitazio berri bat egin, baizik eta Iberdrolarekin negoziatu zituen prezio berriak, zuzenean. Prezio berriak udalek aurreikusitakoak baino askoz altuagoak izan dira, eta, ondorioz, irailerako partidak agortu dira”, azaldu du Solaberrietak. Zenbait adibide eman zituen: argiteria publikoan 100.000 euro gehiago, ikastola eta eskoletako argindarra 17.000 euro gehiago, kultur lokaletarako beste 18.000, kiroldegirako eta kirol lokaletarako beste 45.000.

Solaberrietak nabarmendu zuen Usurbilgo Udala, oraintxe, 17 milioi euro inguruko aurrekontua kudeatzen ari dela: “Ia 13 milioi euroko aurrekontua onartu genuen; urtean zehar egindako kreditu txertaketekin 16 milioikoa bihurtu zen, eta orain beste ia 900.000 euro gehitu dizkiogu. Zenbaki historikoak dira”.

EAJ-k modu positiboan baloratu zituen kreditu aldaketak, nahiz eta aurreikuspen “onegiak” egin ote ziren azpimarratu. “Uste dugu ondo ari zaretela. Egia da prezioak asko igo direla. Inbertsioetarako egingo diren kreditu aldaketak ez daukagu zalantzarik guztion onurarako izango direla. Beharbada, aurreikuspen onegiak egin ziren, zeren 4 milioi txertatu dira, azkenean, aurrekontuetan”.

Solaberrietak erantzun zion 4 milioi horietatik 3 2022ko aurrekontuen likidaziotik iritsi zirela; eta likidazioan lortzen den dirua indarrean dagoen aurrekontuari gehitzen zaio. Gastu arrunten igoera, berriz, aldundiari egotzi zion Solaberrietak: “Aurreikuspen batzuetan motz gelditu ginen, hori aitortu dut, baina gastu arruntena udal guztietan gertatu da: aurreikuspen okerrak, edo negoziazio okerrak aldundiak egin ditu. Eta ez dakit zergatik negoziatu dituen prezioak eta lizitazio berria abiatu, prezio publikoez ari garenean”.

PSE-EE, bere aldetik, ados agertu zen egingo diren inbertsioekin: “Uste dut auzoetako lanak eta hobekuntzak egin egin behar direla, eta horregatik alde bozkatuko dut”.

Agerialdeko inbertsioa

Beste bi kreditu aldaketa ere egin dira irailean. Bazeuden hainbat partida presaz diru txertaketa behar zutenak, eta alkate dekretuz onartu ziren, horretarako aukera dagoelako. Udarregiren Agerialdeko eraikinera, esaterako, 55.000 euro bideratu dira udalaren gerakinetik. Pedagogia metodologia berri bati erantzuteko espazioa egokitu du ikastolak, eta hori baliatu dute eraikinaren egiturak zituen hainbat arazori irtenbide bat emateko. Eraikina udalarena denez, udalak egin die aurre horiei: instalazio elektrikoa eta suteen aurkako sistema berritu dira, udan, ikaslerik ez zegoenean. Handitu diren gainerako partidak arruntak dira: alkateak azaldu duenez, festetarako diru gehiago behar zen, 650 Usurbil Bizirako ere bai, hainbaten egitasmotarako eta gastu arruntetarako diru gehiago bideratu behar izan dute.