Udalak 830.000 euro bideratuko ditu dirulaguntzetara, urtero, 2025era bitartean
23·12·2022
Usurbilgo Udalak 830.000 euro inguru bideratuko ditu dirulaguntzetara, urtero, 2025era bitartean. Hala erabaki dute, aho batez, abenduko udalbatzan, 2023-2025 urteetarako Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartuta. Plan horren eranskinetan zehazten dira udal-sail bakoitzetik zenbat diru zein modutara banatuko den, lortu nahi diren helburuen arabera. Urte bakoitzean eranskin berriak onartu beharko ditu udalbatzak, aurreko ekitaldiaren amaieran; ekitaldian zehar, berriz, esanguratsua ez den aldaketaren bat egin behar bada, alkate dekretuz bideratuko dute.
Dirulaguntzen Plan Estrategikoa onartuta, hurrengo urratsa izango da lerro bakoitzaren oinarriak idatzi eta deialdiak egitea. Dagoeneko egin dute 2022ko dirulaguntzak baloratzeko batzordea, eta hortik eratorriko dira oinarri berriak. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak nabarmendu du deialdiak ahalik eta lasterren egin nahi dituztela, aurreikuspenen arabera, urte hasieran.
Hona sailez sail aurreikusi diren dirulaguntzak 2023rako:
Euskara: 119.600 euro.
Garapen ekonomikoa eta enplegua: 58.500 euro.
Gazteria: 3.500 euro.
Gizarte Zerbitzuak: 193.760 euro.
Hezkuntza: 61.250 euro.
Hirigintza: 20.000 euro.
Idazkaritza: 4.000 euro.
Ingurumena: 8.000 euro.
Jarduera Fisikoa eta Kirola: 125.200 euro.
Kultura: 191.852 euro.
Nekazaritza eta abeltzaintza: 45.157 euro.