Publicador de contenidos

Atrás Udalak 620.000 euro inguruko kreditu aldaketa egin du

Aurrez hartutako konpromisoei eutsi zein behar berriei aurre egiteko egin da kreditu aldaketa, diruzaintza gerakina baliatuta, besteak beste, Aginagako saneamendua gauzatu edo Txokoaldeko taxi zerbitzua ordaintzeko. Aldaketarekin, udalaren 2025eko aurrekontua 21.071.461,98 da.

27·06·2025


Udalak 619.667,27 euroko kreditu aldaketa baten berri eman du, ekaineko osoko bilkuran. 2024Ko aurrekontua likidatuta, diruzaintza gerakinean erabilgarri dagoen diru kopuruaren zati bat hartu du aurrez hartutako konpromisoei eutsi zein sortu diren behar berriei aurre egiteko. 620.000 euro horiek diruzaintza gerakinetik hartu ostean, 920.000 euro daude oraindik ere erabilgarri.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak azaldu duenez, urtean bizpahiru kreditu aldaketa egiten dituzte: udal sailei galdetzen zaie ea beharrik ote duten aurreikusi gabeko partidei edo kreditu gehiago behar dituzten partidei erantzuteko, eta horren arabera egiten dira kreditu aldaketak. Ia 620.000 euroko kreditu aldaketak, batik bat, aurrez sortutako partidetan diru gehiago txertatzeko balioko du, baina sortu diren lau behar berri nabarmendu ditu alkateak.

Batetik, kreditu aldaketaren erdia baino gehiago Aginagako saneamenduko obrak egitera bideratuko da, 390.000 euro, udalak Añarberekin hartutako konpromisoari eutsiz. Bestetik, udalak Beterri-Buruntzari urtero egin beharreko ekarpena handitu egin behar da, 75.000 eurotik 95.800 euro ingurura; sortu berri den mankomunitatea langile taldea osatzeak eta indartzeak ekarri du udalen ekarpena handitzeko beharra. Horrekin batera, Txokoaldeko zubiaren obrak tarteko taxi zerbitzua eskaintzeko beste 35.000 euro bideratuko dira, batik bat, autorik ez duten herritarrei zein eskola orduetako joan-etorriak bermatzeko. Azkenik, Aginaga biziberritzeko garatzear den proiekturako 18.000 euro gehiago bideratuko dira.

Urteko bigarren kreditu aldaketa da honakoa. Lehenengoan, 5,2 milioi euro pasatu ziren 2024ko aurrekontuetatik aurtengoetara, aurrekontua 20.451.794,71 eurora igoz. Bigarrengo honekin, beraz, udalaren 2025eko aurrekontua 21.071.461,98 eurokoa da.

EAJk udal-gobernuari eskatu zion, behartuta ez badago ere, gustatuko litzaiekeela kreditu aldaketak egiterakoan ekarpenak egitea. Solaberrietak erantzun zion halakoak nahi beste egin daitezkeela, eta aurrekontuen negoziazioetatik harago, proposamenak edonoiz egin ditzaketela eta udal-gobernua ekarpenak entzuteko prest dagoela.