Noticias
Atrás

Udalak 2,6 milioi euro bideratuko ditu hainbat obra eta bestelako inbertsiotara 2022an

2022ko aurrekontuetan 1,6 milioi euro gorde zituen obra eta inbertsioetarako: 2021eko aurrekontuak likidatuta, beste milioi bat txertatuko du aurtengo aurrekontuetan, kanpoan gelditu ziren beste proiektu batzuetara bideratzeko. Lehenengo bi inbertsioak bideratzeko kreditu aldaketa onartu berri dute: lur erosketa Aginagan eta Sutegiko obrak.

20·05·2022


Usurbilgo Udalak 2.614.834 euro bideratuko ditu, 2022an, hainbat obra eta bestelako inbertsioak egiteko. 2022rako iazko azaroan onartutako aurrekontuetan 1,6 milioi euro gorde ziren obretarako eta inbertsioetarako. Orain, berriz, 2021eko kontuak likidatuta, beste milioi bat euro bideratuko dituzte 2022ko kontuetatik kanpo gelditu ziren beste proiektu batzuk gauzatzeko: “Inoiz Usurbilgo Udalak bideratutako diru kopuru altuena da”. Udal-gobernuko ordezkariek prentsaurrekoan jakinarazi dutenez, aste honetan egindako Ogasun Batzordean onartu dute lehenengo kreditu aldaketa, bi proiekturi bide emateko: lur erosketa Aginagan, aparkaleku publikoa eskuratzeko, eta Sutegiko obrak bideratzeko.

Apirileko osoko bilkuran iragarri bezala, 2022ko udal-aurrekontuei milioi bat euro txertatuko dizkiote. Izan ere, 2021eko aurrekontuak likidatuta, 1,5 milioi euro gehiago ditu udalak, nahi izanez gero, 2022an erabiltzeko, baina ez du osorik erabiliko. Apirileko osoko bilkuran aurreratu bezala, milioi bat euro erabili egingo ditu, eta gainerako 500.000 euroak gorde, zuhurtziaz.

Milioi euro gehigarri horrekin zein proiektu gauzatu erabaki du dagoeneko udal-gobernuak, eta horren berri eman dio oposizioari Ogasun Batzordean. Diru hori erabili ahal izateko kreditu aldaketak egin behar izaten dira, eta, oraingoz, premiarik handiena duten bi proiektu bideratzeko lehenengo kreditu aldaketa onartu dute batzorde horretan, EH Bilduren eta PSE-EEren botoekin; EAJk abstentziora jo du. Datozen hilabeteetan beste bi kreditu aldaketa egingo dituztela iragarri dute, udan eta udazkenean.

Lehenengo kreditu aldaketarekin bi inbertsio abiatuko badituzte ere, diru gehigarriarekin udal-gobernuak 2022an bertan abiarazi nahi dituen inbertsio guztien ikuspegi orokorra eman du. Lau ardatz nagusi indartzeko erabiliko dute diru gehigarria: zaintza eredu berrian sakontzea, auzotarren bizi kalitatea hobetzea, ingurumenaren zaintza eta udalaren digitalizazioa. Honakoak dira proiektu berriak:

1. Zaintza eredu berrian sakontzeko inbertsioak

1.1. Zaintza ekosistema berria.

  • Parte-hartze prozesuaren lehenengo fasea amaituta, bigarrenean sartuta dago udala: lehenengoan adostutako zaintza ekosistema oinarri, egungo eredua zertan eraldatu behar den definitu eta eraldaketaren inplementaziorako bide-orria prestatzera doa udala. Egitekoak ugariak direnez, eraldaketa gradualki egingo dute.
  • Bigarren faseak lauzpabost hilabete iraungo du, eta udazken-negurako bide-orri hori prest izan nahi dute, 2023an urrats praktiko eta sendoak ematen hasteko.
  • Udalak, hiru urterako lizitazio bat egin du, zaintza ekosistema diseinatzeko parte-hartze prozesua dinamizatu, proposamenak osatzen lagundu eta inplementaziorako aholkularitza tekniko eta juridikoa izateko: Matia Institutuak irabazi du lizitazioa.
  • Guztira, 214.000 euro bideratuko dira horretarako, hiru urtetan. Europako funtsetatik 76.200 euro jaso ditu udalak, dirulaguntzetan.
    • 2022ko aurrekontuetan jada gordeta zeuden 54.000 euro. Kreditu aldaketarekin, beste 20.000 euro bideratuko dira 2022an.
    • 2023an, 100.000 euro izango dira, eta 2024an, 40.000.

1.2. Txirikorda.

  • Legealdiko inbertsiorik garrantzitsuena izan da Txirikorda, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa: 2 milioi euro inguru.
  • Obrak martxa onean doaz, eta 2023ko otsail-martxoan amaitzea aurreikusten da. Gune komunitarioak ekipatu behar dira, eta udalak obrak amaitu aurretik hasi nahi du horretan, herritarrak ahalik eta azkarren has daitezen Txirikordan bizitzen. Horregatik, aurten bertan jarri behar dute martxan ekipamenduaren lizitazioa.
  • Txirikordaren erabilera arautuko duen ordenantza lantzen ari da udala: zeregin horretan laguntzeko Hiritik At kontratatu du (bere garaian eurek dinamizatu baitzuten parte-hartze prozesua). Izan ere, egun ez dago mota honetako proiekturik Euskal Herrian, eta horregatik izan da beharrezkoa kanpo aholkularitza kontratatzea: une honetan hainbat gazte eta heldu elkarrizketatzen ari dira, ordenantzaz hitz egiteko. Irailerako zirriborro proposamen bat izan nahi dute, urriko osoko bilkuran onartzeko. Etxebizitzen esleipena horren ostean abiatuko dute.
  • Guztira, 157.000 euro bideratuko dira kreditu aldaketarekin, lizitazioa abiatzeko.

1.3. Matiaren egoitza eta Kalezarrerako igogailu berria.

  • Matia Kalezarren eraikitzen ari den Zaintzadun Etxebizitzen Auzuneko lanak urte amaierarako amaituta izatea espero dute, 2023 hasieran martxan jartzeko.
  • Proiektu horretatik kanpo gelditu ziren N634 errepideko autobus geltoki berria eta igogailua, finantzaketa faltagatik, gerora egiteko konpromisoarekin. Hala, Matiako eta Gipuzkoako Aldundiko arduradunekin lanean aritu da udala azken hilabete luzeetan, proiektu hori gauza zedin.
  • Matiarako ez ezik, Kalezarko eta Ugartondoko eremu berrian biziko diren herritarrentzat ezinbesteko azpiegituratzat du udalak, mugikortasun aktibo eta irisgarritasun unibertsala helburu.
  • Guztira, 1,5 milioi euro inguruko obra izango da. Matia ari da exekuzio proiektua idazten, eta lortu du finantzaketa, aldundiak bideratutako dirulaguntzen bidez. Usurbilgo Udalak ere ekarpen ekonomikoa egingo du (300.000 euro).
  • Udala hitzarmen bat lantzen ari da Matiarekin, obrak ahalik eta azkarren bideratzeko: irail-urrian hastea da helburua, eta zortzi hilabete beharko dituzte.
  • Usurbilgo Udalak, guztira, 300.000 euro bideratuko ditu, bi zatitan: erdia 2022an eta beste erdia 2023an.
    • Kreditu aldaketak 2022ko ordainketa ahalbidetuko du, eta gainerakoa 2023ko aurrekontuetan jasotzeko konpromisoa hartu du.

Irudia: naranjaz, igogailuak. Urdinez, autobus geltoki berriak. Berdez, oinezkoen joan-etorriak.

2. Auzoen bizi kalitatea hobetzeko inbertsioak.

2.1. Aginaga.

2.1.1. Lur erosketa: aparkaleku publikoa.

  • Lastaolako lursaila erosteko aukera suertatu da (Etxeberri etxe aurrekoa). Hain zuzen, HAPOa osatzeko prozesuaren barruan, Usurbil Kale Irekiak parte-hartze prozesua egin zen espazio publikoaren eta Mugikortasun Plana osatzeko helburuz. Plan horretan Aginagarako hiru aparkaleku aurreikusten dira, eta Lastaolakoa da horietako bat.
  • Hainbat hilabetetako lanketaren ondorioz, jabeekin adostasuna lortu dute. Lurrak eskuratuta, pintura lanak egin eta seinaleak jarrita aparkaleku publiko moduan erabilgarri egongo da, obrarik egin gabe.
  • Guztira, 44.000 euro bideratuko dira erosketara, bi urtetan banatuta: erdia 2022an, beste erdia 2023an.

 

2.1.2. Elutx bidea.

  • Elutx bidea Elutx kaletik Estrata kaleraino iritsiko den oinezkoen bide berria da: hau da, Aginagako herrigunea eta Elutx kaleko etxebizitzen ingurua lotuko ditu. Elutx inguruko bizilagunak, bereziki haurrak, herrigunera eta eskolara joateko bide seguru bat izango da, N634 errepidera irten behar izan gabe.
  • Udalak eta Aginagako Elutx hirigintza eremuko jabeek adostasuna lortu dute eremu horren garapenari begira, eta hirigintza hitzarmena adostu dute: atzo diktaminatu zuten, Hirigintza Batzordean, eta maiatzeko osoko bilkuran onartuko dute. Gakoak:
    • Orain, hitzarmena formalizatzen denean, jabeek udalari Elutx bidea eraikitzeko beharrezkoa den lurra lagako diote, doan, eta bidearen obra udalak egingo du
    • HAPOan jasoko den etorkizuneko antolamendua: 27 etxebizitza eraikiko dira, hiru bloketan (babes ofizialeko 11, tasatuak 4 eta libreak, 12). Espazio publiko berriak sortuko dira eta ekipamendu komunitarioko lokal bat ere izango da.
  • Une honetan, proiektua idazteko kontratua bideratu du udalak: Usurbilgo Origami arkitekto taldea ari da lanean, udal arduradunekin batera, eta proiektua ekain amaieran esku artean izatea espero dute; proposamena eskuratzean, Aginagan aurkezteko saioa antolatuko dute. Obrak aurten bertan lizitatzea da helburua.
  • Guztira, proiektua gauzatzeko 120.000 euro beharko direla aurreikusi dute: erdia 2022an, kreditu aldaketarekin, eta beste erdia 2023an.

Irudiak. Ezkerrean, arauetan jasota dagoena. Eskuinean, adostutako antolamendu berria.

2.2. Etxealdia:

2.2.1. San Esteban kalea.

  • San Esteban kalea irisgarri egin eta oinezkoek lehentasuna izateko proiektua da, aurrekontuak onartzeko eztabaidan oposiziotik eta auzotarrek egindako eskariari erantzungo diona. Une honetan proiektua idazten ari dira, eta ekainean esku artean izatea espero dute.
  • Aurten egingo diren inbertsio gehigarrien artean, bestelako diru-iturria du San Esteban kalea irisgarri egiteko proiektuak. Izan ere, Covid funtsetatik eratorritako 208.000 euroko diru partida erabiliko da hori gauzatzeko. Litekeena da 2023an beste diru partida bat gorde behar izatea proiektua osorik gauzatzeko.

2.2.2. Auzoaren Irisgarritasun Plana osatzeko eskatzeko arkitekto talde batekin harremanetan jarri da udala. Plan hori auzotarrekin batera osatzeko bitartekoak jarriko ditu, eta laster proposamen bat aurkezteko moduan izango da.

2.3. Kalezar: Pelaioenea.

  • Kalezarko auzo ekipamenduaren eta Emakumeen Etxearen aterpea izango da Pelaioenea, auzotarrekin eta emakumeekin egindako parte-hartze prozesuan hala erabakita. Bertan zehaztu zen zein erabilera izango zuen eraikinak eta horren araberako proiektu espaziala edo arkitektonikoa osatu zen.
  • Obrak lizitatzeko prozesua martxan dago: maiatzaren 26an amaitzen da enpresek proposamenak aurkezteko epea.
  • Guztira, 575.000 euro bideratuko dira.
    • 2022ko aurrekontuetan jada 500.000 euro jaso ziren.
    • Exekuzio proiektua eskutan, beste 75.000 euro beharko dira, kreditu aldaketarekin gehituko direnak.

3. Ingurumenaren zaintza eta paisaia kalitatea hobetzeko inbertsioak.

3.1. Aranerreka inguruko lanak amaitzear dira, eta lan horiei esker eremu hori zenbat hobetu den nabarmendu du udal-gobernuak.

3.2. Zumartegiko ibai-ertza.

  • Denbora asko darama udalak Zumartegiko ibai-ertza berreskuratzeko proiektua lantzen. Ibai-ertza nabarmen hobetzeaz gain, errioarekiko harremana indartzeko aukera emango du proiektuak, Oria ibaiaren aldamenean espazio publiko atsegina sortuko baita.
  • Guztira, 570.000 euroko inbertsioa eskatzen du, eta bi urtetan egin nahi da.
    • 2022ko aurrekontuetan ez zen diru partidarik gorde. Kreditu aldaketarekin, 200.000 euro bideratuko dira proiektu horretara aurten. Gainerakoa, 2023ko aurrekontuetan islatuko lukete. Urtea amaitu baino lehen lizitatu nahi dituzte obrak.

Proiektuak jada bi dirulaguntza jaso ditu (Diputaziotik eta Eusko Jaurlaritzatik, bana): 150.000 euro. Horrez gain, hirugarren bat eskatu du udalak: Europako funtsetara dirulaguntza mardula eskatu du, eta hortik jasotzen denak baldintzatuko du inbertsioa noraino burutuko den.

Irudia. Zumartegiko ibai-ertza berreskuratzeko proiektuak hartzen duen azalera.

4. Udalaren digitalizazioa: pleno aretoa egokitzea.

  • Pandemia garaiak plenoa digitalki egokitzeko duen beharra mahai gainean jarri du. Hala, altzari berriak erosteaz gain, azpiegitura teknologikoz hornituko dute aretoa.
  • Guztira, 62.000 euro bideratuko dira.
    • 2022ko aurrekontuetan altzari berriak erosteko 12.000 euro gorde ziren.
    • Beste 50.000 euro digitalki egokitzera bideratuko dira, kreditu aldaketarekin.

5. Azpiegitura sozialak: Sutegiko obrak.

  • Iaz lizitatu zen Sutegiko fatxada egokitzeko obra, baina irabazi zuen enpresarekin arazoak egon ziren: ez zuen eskatutako dokumentazioa aurkeztu, eta, ondorioz, bertan behera utzi behar izan zuten.
  • Inbertsioa beharrezkotzat du udalak: helburua fatxada egokitzea da, energetikoki eraginkorragoa izan dadin, eta, horrekin batera, goiko solairua itxi eta taldeka lan egiteko espazioa sortu nahi dute, fatxadatik kendutako materiala berrerabiliz.
  • Guztira, 148.000 euroko inbertsioa izango da.
    • 2021eko aurrekontuetan jada gorde ziren 83.000 euro.
    • Prezioen gorakadaren ondorioz, obra garestitu egin da, eta beste 65.000 euro behar dira obra lizitatzeko, kreditu aldaketarekin gehituko direnak.

Kreditu aldaketen kronologia.

  • Lehenengoa, maiatzean onartu berri dutena: Aginagako aparkalekua eta Sutegi.
  • Bigarrena, udan: pleno aretoa, Pelaioenea, Txirikorda, San Esteban kalea, Elutx bidea eta Kalezarko igogailua.
  • Hirugarrena, udazkenean: Zumartegiko ibai-ertza.

Inbertsioen taula:

* Negritaz, inbertsio berriak. Letra arruntez, aurrez adostutako inbertsioak.

** Zaintzako 54.000 euroak ez daude inbertsioen atalean, beste partida batean baizik; horregatik ez dira kontatzen guztizkoan. Sutegiren kasuan ere ez, 2021eko aurrekontuetatik datozelako.

*** Gutxi gorabeherako estimazioa.

 

Proiektuak*

2022ko aurrekontuetan

2022ko kreditu aldaketa

2023rako konpromisoak

2024rako konpromisoak

Zaintza

54.000**

20.000

100.000

40.000

Txirikorda

-

157.000

-

-

Matia igogailua

-

150.000

150.000

-

Aginaga aparkalekua

-

22.000

22.000

-

Elutx bidea

-

60.000***

60.000***

-

Sutegi

83.000**

65.000

-

-

Pelaioenea

500.000

75.000

-

-

Zumartegi

-

200.000

370.000

-

Pleno aretoa

12.000

50.000

-

-

San Esteban kalea

-

208.334,98

100.000***

-

Liburutegia: fondo berriak eta altzariak

16.500

-

-

-

Potxoenea / Sutegi

1.000

-

-

-

Kiroldegia: kamerak

11.000

-

-

-

Kiroldegia: altzariak

3.000

-

-

-

Lanbide hastapena: inbertsio teknologikoak

7.000

-

-

-

Usurbil 0.0.

20.000

-

-

-

Efizientzia energetikoa

120.000

-

-

-

Zubietako inbertsioak

20.000

-

-

-

Ur-hornidura

750.000

-

-

-

Saneamendua:

Ugaldea eta Kalezar

125.000

-

-

-

Aginagako Eliza Zarra

20.000

-

-

-

Eguneko zentroa

2.000

-

-

-

Guztira

1.607.500

1.007.334,98

802.000

40.000