Publicador de contenidos

Udala barne-auditoretzak egiten hasiko da

Baliabide publikoen kudeaketa eraginkorra egitea da barne-auditoretzaren helburua. Foru arau bat dago erabakiaren oinarrian: aurten egingo da lehenengo aldiz, eta hemendik aurrera, urtero egin beharko da. Maiatzeko osoko bilkuran eman dute erabakiaren berri.

2024·06·07


Udala bere buruari barne-auditoretzak egiten hasiko da, 2018ko foru arau bat oinarri hartuta. Aldian-aldian, udalek kanpo auditoretzak egiten dituzte, baina, kasu honetan, barne mailakoa izango da, eta urtero egin beharko ditu, aurrerantzean: baliabide publikoen kudeaketa eraginkorra egitea da lan horren helburua.

Prozedura maiatzeko osoko bilkuran jarri dute martxan, udaleko kontu hartzaileak udalbatzari erabakiaren berri emanda. Bertan azaldu duenez, ezin dira udaleko kontu guztiak urtebeteko epean aztertu: beraz, izaera desberdineko espedienteak aukeratu eta aztertuko dira. Foru araua 2018koa izan arren, Usurbilgo Udalak aurten egingo du lehenengo aldiz kontu hartzaileak osoko bilkuran azaldu zuenez, Usurbilgoa ez da barne-auditoretzak egiten hasi gabeko bakarra: lurraldeko hainbat daude egoera horretan–, eta, aurrerantzean, urtero egin beharko du.

Kontu hartzailearena izango da lanaren zati handiena, hark aztertu beharko baititu espedienteak. Kudeaketa ekonomikoaren indarguneak eta ahulguneak agerian utziko ditu lan honek, eta ondoren hobetzeko ekintzak proposatu eta betearaziko ditu.