Publicador de contenidos

Atrás Udal haur eskola zerbitzuaren esleipenari hasiera ematea onartu dute martxoko osoko bilkuran

Esleipena baimentzen duen pleguak onartu dituzte EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EAJ abstenitu egin zen. Esleipenaren oinarriak onartuta, bihartik apirilaren 26ra arteko epea izango da eskaintzak aurkezteko.

26·03·2021


Udal haur eskola zerbitzuaren esleipenari hasiera ematea onartu dute EH Bilduren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EAJk abstentziora jo du. 2008An esleitu zen lehenengo aldiz udal haur eskola zerbitzua, 12 urterako. Iaz, Covid19-ak eragindako pandemia medio, urtebeteko luzapena onartu zuten ekaineko osoko bilkuran, eta, beraz, esleipen berria egokitzen da aurten. Atzo eman zuten horretarako pausoa, pleguak onartuta.

Aurreko esleipenarekiko zenbait aldaketa garrantzitsu ditu orain onartu dutenak. Batetik, esleipenaren iraupenari dagokiona. Egungo egoeraren aldakortasuna kontuan hartuta, esleipena bost urterako izatea adostu dute: 3 urterako lehenengo, 2 urte gehiagoz luzatzeko aukerarekin.

Udalak egin beharreko ekarpen ekonomikoa zehazteko irizpideak ere aldatu egin dituzte, udal kontu hartzaileak egindako txosten bat oinarri hartuta. Horren arabera, udal haur eskola zerbitzua bideragarria da, nahiz eta gorabeherak izan diren esleipenaren hamabi urteetan erabiltzaile kopuruan. Hau da, abiatu zenean, 140 ume egotera iritsi ziren, eta gaur egun, 38 daude. Hainbat faktorek eragiten dute jaitsiera horretan, eta aurreikuspena da hurrengo urteetan ere beheranzko joera izango duela. Hori dela eta, adostu dute udalak egin beharreko ekarpena aldakorra izatea ume kopuruaren arabera.

Gaur egun zenbat ume dauden kontuan hartuta, udalak urtero egingo duen ekarpena, 40-44 ume artean badaude, haur bakoitzeko 1.200 euroko ekarpena egingo du udalak. Kopurua gutxituko balitz, eta 37-39 ume artean baleude, ume bakoitzeko ekarpena 25 euro gehiagokoa izango da. Alderantziz, kopurua handituko balitz, ume bakoitzeko egingo duen ekarpena 25 euroan gutxituko da. Gehieneko eta gutxieneko kopuruak ere ezarri dituzte. Hau da, udalak, gutxienez, 1.100 euroko ekarpena egingo du umeko (haur kopurua hazten bada); gehienez, 1.300 euroko ekarpena egingo du (haur kopurua gutxitzen bada).

EAJk abstentzioa argudiatu zuen esanez haur eskola publikoaren aldekoak direla, eta Usurbilgoa Haurreskola Partzuergoaren sarearen barruan egotea nahiko luketela. EH Bilduk erantzun zion “harrituta” hartu duela erantzun hori, “udal haur eskola zerbitzua, hain zuzen, zerbitzu publikoa delako”.

Esleipenaren oinarriak jada argitaratu dituzte, eta eskaintzak aurkezteko epea bihartik apirilaren 26ra artekoa izango da.