Publicador de contenidos

Udal-gobernuak 2024ko aurrekontu proposamena aurkezteko bilerak egingo ditu herri-auzoetan

Hurrengo urteko aurrekontuetako proposamenak azaldu eta herri-auzoetako beharrez hitz egiteko baliatuko dituzte bilerak. Azaroaren 15etik 28ra bitartean, bederatzi bilera izango dira, guztira. Abenduko osoko bilkuran hasieraz onartzea da asmoa.

08·11·2023


Aurten ere hurrengo urteko aurrekontu proposamenez hitz egiteko bilerak egingo ditu udal-gobernuak herri-auzoetan, eta hitzorduok baliatuko ditu, baita ere, bakoitzaren beharrez eta proposamenez hitz egiteko. Guztira, bederatzi bilera izango dira, azaroaren 15ean hasi eta 28ra arte.

Ohi bezala, udal-gobernuak aurrekontuen proposamen zirriborroa osatu, eta ekarpenak egiteko aukera zabalduko du: batetik, oposizioko talde politikoei, eta, bestetik, herritarrei, herri-auzoetako bileren bidez. Guztiak jasotakoan itxiko dute azken proposamena: gaia abenduko osoko bilkuran landu eta onartzea da asmoa.

2024ko aurrekontuak aurkezteko egutegia

Azaroak 15. Santuenea (frontoi ondoko lokalean) eta Kalezar (haur eskolan).

Azaroak 20. Txokoalde (Txokoargin) eta Zubieta (Kaxkapen).

Azaroak 21. Etxealdia (Potxoenean).

Azaroak 23. Atxegalde (Udarregiko jangelan) eta Aginaga (Eliza Zaharrean).

Azaroak 28. Kaxkoa (Potxoenean) eta Munalurra (Eguzkin).

Bilera guztiak 18:00etan izango dira, Aginagakoa izan ezik (18:30).