Publicador de contenidos
Atrás Udal-brigadaren lanak konfinamendu garaian: lehentasunak jarrita, eta prebentzio neurriak hartuta
01·04·2020
Konfinamendu garaian, udal-langileek etxetik lan egiteko bitartekoak prestatzea izan zen egin beharreko lehenengo lanetariko bat: denbora kontua baino ez baitzen etxetik egin zitekeen guztia hala egiteko agindua iristea. Badira zenbait lanpostu, ordea, etxetik bete ezin direnak, eta hori da udal-brigadako langileen kasua: kalean lan egiten dute, hainbat eratako lanak egin ere.
Prebentzio Mahaiarekin eta udal-gobernuko ordezkariekin batera hartu dituzte neurri eta erabaki guztiak. Lehen-lehenengo irizpidea argia izan zen: konfinamendua ez baliatzea atzeratutako lanak aurreratzeko, langileak beharrezkoa ez den arrisku egoeran ez jartzeko. Hala, egunerokoan behar-beharrezkoak diren (eta, beraz, derrigorrezkoak) lanak identifikatu eta horiei eustea erabaki zen, baita Covid19 birusaren kutsatze-arriskua gutxitzeko egin daitezkeen lanak egitea ere. Egunero derrigor egin beharreko lana bat da Usurbilgo udal-brigadan: etxeetara iristen den uraren kontrola egitea. Horri lotuta, langile jakin batek egiten du lan hori egunero, eta, badaezpada, beste bi langile zeregin horretan formatzea erabaki zuten, lehenengoa kutsatuko balitz, lan hori egiten dakien beste langile pare bat edukitzeko.
Horrez gain, hainbat lan egin ditu eta egiten ari da brigada Covid19 birusaren kutsatze-arriskua gutxitze aldera: udal-eraikinetan eta herriko komertzioetan eskuak desinfektatzeko produktuak lortu dituzte, komertzioetan bezeroen ilaretan distantziak markatu, espazio komunak desinfektatu (autobus markesinak, saltokien kanpoaldeak...), auzo-konpost guneetan estrukturantea eman, eurek husten dituzte konpost-guneak beteta daudenean... Horiek guztiak, prebentzio neurriak zorrotz hartuta.
Taldea banatuta, prebentzio neurri gisa
Udaleko sailik handiena da brigadarena, langile kopurua aintzat hartuz gero. Hasieratik, bitan banatu zuten udal-brigada, bi helbururekin: batetik, egunerokoan Osakidetzak ezarritako irizpideak bete ahal izateko eta norbait gaixotuz gero lanerako prest egongo den beste langile bat edukitzeko. Gero, ordea, antolaketa aldatu behar izan dute, eta talde txikiagoak egin dituzte, hiru laguneko bost talde. Egunero udal-brigadako bost langile daude lanean: bi fijoak dira egunero, uraren kontrolaz eta makinen mantenuaz arduratzen direnak, eta beste hiruak txandatzen joaten dira. Batzuk etxean daude, edozein unetan lana sor daitekeela, eta telefonoz deituz gero, lanerako prest egon behar dutela jakitun.