Noticias
Atrás

Ucinek epaitegietara eraman du udala

Udalak oraindik ez ditu ezagutzen epaitegietara jotzeko arrazoiak. Otsailaren 9an jarduera baimena eguneratu zion udalak Ucini, hainbat baldintza ezarriz: batetik, Eusko Jaurlaritzak berak Ingurumen Baimen Bateratuan zehaztutakoak eta udalak, bere eskumenak baliatuz, ezarritakoak.

28·05·2021


Maiatzeko osoko bilkuraren amaieran jakinarazi zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak Ucinek udala epaitegietara eraman duela: administrazioarekiko auzi errekurtsoa tartekatu du. Oraindik, ordea, ez dira ezagutzen erabakiaren arrazoiak. Espediente osoa bidaltzeko eskaera jaso du udalak epaitegietatik, eta halaxe egin du. Horrez gain, abokatua eta prokuradorea ere izendatu ditu udalak, eta jakinarazi du aukera zabaldu dela auzian beste inork interesdun gisa jarduteko; halaxe helarazi diete herrian ingurumenaren bueltan lan egiten duten eragileei.

Otsailaren 9ko tokiko gobernu batzordean eguneratu zion udalak jarduera baimena Ucini. Hainbat baldintza ezarri zizkion: Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Baimen Bateratuan ezarritakoak eta udalak berak ezarritakoak. Lizentzia berrituan Jaurlaritzak ezarritakoak baino neurri zorrotzagoak eskatu zizkion udalak, 2016ko Europako Komisioaren irizpideak oinarri hartuta: Jaurlaritzak partikula baten etengabeko neurketa exijitu zion, eta, udalak, Jaurlaritzak eskatutakoa eta beste lau partikularen etengabeko neurketak gehitu zituen baldintzen zerrendara. Orain arte, urtean zehar neurketa puntualak egiteko derrigortasuna baino ez zuen Ucinek.

Erabakia “penaz” hartu dutela nabarmendu zuen Solaberrietak. “Gu, hemen gaudenetik, eta aurreko udal-gobernuak ere hala egin zuen, askotan bildu izan gara Ucinekin, eta elkarlanerako deia luzatu izan diegu behin baino gehiagotan, baina erantzuna isiltasuna eta ezezkoa izan da”.

Pandemiak hainbat krisi utzi ditu agerian, alkatearen esanetan, eta horietako bat ekologikoa da. Klima aldaketari aurre egitea mundu mailako erronka dela eta tokiko administrazioaren erronka ere badela nabarmendu zuen. “Neurriak hartzea ezinbestekoa da kutsadurak murrizteko, garai bateko instalazioak berritzeko, eta ulertzen dugu bide hori herritarrek, enpresak eta udalak batera egin behar dugula. Aitortu izan diet urratsak egiten ari direla, ez, beharbada guk nahi bezalako erritmoan. Kataluniarrak etorri ziren iaz: esan genien herrian zeudela, haiekin biltzeko aukera zutela, Katalunian jarduten dutelako elkarlanean, eta ezezkoa jaso genuen. Gai hau bada gure herrian kezka sortzen duen gai bat. Kezka eragiten du, udalak ere konpartitzen du kezka hori. Nahi dugu Ucinek herrian jarraitzea baina ahalik eta gutxien kutsatuz eta horretarako neurriak hartu behar dira, inbertsioak egin behar dira, eta guk baldintza batzuk eskatu genizkien”.