Publicador de contenidos
Atrás Txokoargi
07·07·2021
Legealdia hasi eta gutxira hurbildu ginen auzora. Akerran okupak sartu ziren, eta auzoko elkarbizitza zailtzen ari zen. Ez ziren egun atseginak izan, zailak denontzat ere, baina leloak dioenari jarraiki, txarrenari onena atera, eta arazoa zena aukera bihurtu genuen, guztion eskuzabaltasun eta konpromisoari esker, eta Akerra auzo-ekipamendu bihurtzeko prozesuari ekin genion. Hainbat saio egin genituen: auzoaren beharrak, gabeziak, hutsuneak, aukerak, indarguneak identifikatu eta eraikina zertarako behar ote genuen pentsatzen jarri ginen. Erabilera posibleak zehaztu, egun batez arkitekto bihurtu, eta espazioa antolatzeko proposamena garatu genuen. Orduan egindako lanak ahalbidetu zuen ekainaren 26ko inaugurazioa.
Ez dut ukatuko nahi baino gehiago atzeratu dela obra. Tartean, pandemia madarikatua izan dugu, eta hilabete luzez oso baldintzatuta egon gara udalean. Zailtasunak zailtasun, ordea, Txokoaldeko inbertsioari eutsi, eta auzoarekin hartutako konpromisoa bururaino eraman dugu. Akerra eraberritzea 240.000 euro inguruko inbertsioa izan da. Eusko Jaurlaritzak landa eremuko auzoetan ekipamenduak eta azpiegiturak berritzeko martxan jarritako dirulaguntza batzuetara aurkeztu genuen proiektua, eta 80.000 euroko laguntza jaso genuen. Laguntza horrek, egiari zor, bidea erraztu digu.
Txokoalden egin dugun lana legealdi hone-tan auzoetan egiten ari garen lanketaren isla da. Ez da ezer isolatua. Auzo guztien Usurbil eraiki nahi dugu, eta arreta berezia jarri dugu Usurbil osatzen duten auzo/herrietan. Auzo bizigarriak nahi ditugu, ez dugu Kaxkoa eta auzoen arteko desberdintasunak areagotzerik nahi. Auzoek ere nortasun, ezaugarri, behar eta errealitate propioak dituzte eta horietan arreta jar-tzen ari gara, auzoetako bizi kalitatea eta auzoetan bizi diren herritarren ongizatea hobetzeko asmoz. Tokian tokiko komunitatearekin elkarlanean gabiltza horretan. Izan Aginagan, izan Zubietan, Kalezarren, Santuenean edota Txokoalden.
Ikusten ari gara, gainera, prozesuok auzoetako sare komunitarioa josten eta daudenak berpizten eta indartzen laguntzen dutela. Belaunaldiarteko harremanak sortzen dituztela, daudenak sendotzen, elkar entzunez elkar ezagutzan sakontzeko balio dutela... Txokoalden egin ditugun bileretan ikusi dugu. Gure ustez, auzoetan garatzen ari garen prozesuok prozesu sozialak dira, eta auzoaren kohesio soziala lortzen laguntzen dute, bizikidetzan sakontzen, auzo komunitate osasuntsuak, aktiboak, ekintzaileak, konprometituak, ahaldunduak eratzen, eta udalaren eta auzoen arteko harremanean sakontzen eta elkarlana iraunkortzen.
Diodanaren emaitza da Txokoargi. Txokoargi jaio da. Eta ez dut dudarik urte luzez jarraituko duzuela auzoa argitzen. Auzoa berpizten. Auzoa bizitzen. Auzoa egiten. Ongi-etorri!