Publicador de contenidos
27·02·2020
Txokoaldeko udal-ekipamendua gauzatzetik gertuago dago, Hiritik At kooperatibak proiektuaren inguruko auzotarren azken ekarpenak jaso ostean. Udazkenean egindako parte-hartze prozesuak emandakoa aurkeztu zieten batzar batean, eta hurrengo pausoa behin betiko proiektua ixtea izango da: martxoan egingo dute, eta, hala, dirulaguntzak eskatu eta obrak udaberrian esleitu ahal izango dituzte.
Kooperatibako kideak pozik daude, prozesuaren bi helburuak bete direlako: batetik, udal-ekipamenduari zein erabilera eman definitu ahal izan dutelako, eta, bestetik, auzotarrak motibatu eta auzo-elkartea sortzea erabaki dutelako. “Emaitza onak dira kualitatiboki, baina baita kuantitatiboki ere: hogei lagunen bueltan etorri dira saioetara, adin desberdinetakoak”, nabarmendu dute.
Udal-ekipamendua diseinatzen hasi aurretik, auzoan zein behar ikusten zituzten galdegin zieten txokoaldetarrei, gero, udal-ekipamenduak horietakoren bati erantzun ote ziezaiekeen pentsatzeko. Hala, beheko solairuak egungo gaztetxe izaera mantentzea erabaki dute, dena gaur egungo antolaketaren arabera jarria. Goiko solairuan, berriz, gauza askotarako balioko duen espazio bat egitea adostu dute, tailerrak edo ikastaroak egiteko, sukalde txiki batekin, komun egokitua, erretiratuentzako elkargunea, haurrentzako ludoteka, eta abar. Kanpoko aldetik, irisgarritasuna bermatze aldera, igogailu bat jarriko dute, baita eskailera batzuk ere, egungo legeen arabera eginak. Eta, horrez gain, egonean egoteko leku atsegina izan dadin esku hartuko dute. Batzarrean, aldaketa bat adostu zuten: behean komunik ez jartzea.
Auzo elkartea izango da espazioa kudeatuko duena: talde eragile bat izango du, eguneroko erabakiak euren artean hartzeko, eta gai zabalgoak direnak asanblada orokorretan erabakiko dituzte.