Publicador de contenidos

Atrás Txirikordako obrako kontratua suntsitzeko prozesua hasi du udalak, kontratua ez betetzeagatik

Urriko ezohiko osoko bilkuran aho batez onartu dute Txirikordaren obrako kontratua suntsitzeko prozedura abiatzea: prozesu hori amaitu arte udalak ezingo ditu belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioen obrak amaitu, eta, beraz, bertan bizi ahal izatea atzeratuko du.

11·10·2023


Udalak Txirikordako obren kontratua suntsitzeko prozedura hasi du, urriaren hasieran egindako ezohiko osoko bilkuran aho batez onartuta, kontratistak hartutako epe konpromisoak ez betetzearen ondorioz. Orain abiatuko den prozedura administratiboaren arabera aurreratu edo atzeratu daiteke bertan bizitzera sartzeko eguna. Izan ere, prozesu hori amaitu arte, udalak ezingo ditu Txirikordako obrak amaitu.

Urte hasieran, Txirikordan Muriasentzat lanean ari ziren azpi-kontratatutako enpresa batzuek lanak eten zituzten, Murias ez zelako ordaintzen ari egindako lanengatik. Udalak egoeraren berri izan bezain pronto abiatu zituen harremanak Muriaseko eta Grupo Urbaseko EAEko arduradunekin (Urbas Espainiako inbertsio fondo bat da, eta 2020an erosi zuen Murias, Urrutia eta Jauregizar enpresekin batera): egoera bideratzeko zenbait konpromiso hartu zituzten, baina ez dituzte bete. “Bide hau saihestu nahi genuen, prozesu hau gehiago ez luzatzeko, baina hala izan beharko du”, adierazi du Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak.

Atzoko ezohiko osoko bilkuran onartu dute, hasieraz, obra kontratua suntsitzeko prozedura abiatzea. Horren ostean, hamar eguneko epea utzi behar da, kontratistak eta berme-emaileak alegazioak aurkezteko aukera izan dezaten. Alegaziorik ez izatea izango da Txirikordara sartzeko eguna aurreratzeko modu bakarra: erabakia behin betiko bihurtu ostean izango du udalak egiteko falta diren lanak baloratu eta amaitzeko aukera. Alegazioak baldin badaude, ordea, ezin da aurreikusi prozedura administratiboa zenbat luza daitekeen.

Izatez, lanak ia amaituta daude Txirikordan: erremate batzuk eta jada eginda dauden hainbat instalazioren ziurtagiriak aurkeztea baino ez da falta. Txirikordako inbertsioa bi milioi euro pasatxokoa izan da, eta obraren %99,39 ziurtatuta eta ordainduta dago.