Publicador de contenidos
Atrás Txirikordako obra kontratua suntsituta, kalte ordainak eskatuko dizkio udalak Muriasi
01·12·2023
Txirikordako obra kontratua suntsituta, kalte ordainak eskatuko dizkio udalak Murias enpresari: hala erabaki dute, aho batez, azaroko osoko bilkuran. Udalak urrian abiatu zuen Txirikordako obra kontratua suntsitzeko prozesua, kontratua ez betetzeagatik: osoko bilkuran jakinarazi dutenez, erabaki hori behin betikoa da dagoeneko, eta horrek aukera ematen dio udalari Txirikorda bere gain hartu eta falta diren lanak amaitzeko. Udal-gobernuaren esanetan, ondo bidean, hilabeteko epean egingo dituzte.
Udalak obra kontratua suntsitzeko prozedura abiatuta, Muriasi eta abal-emaileei erabakiaren aurkako alegazioak aurkezteko epea eman zitzaien, legeak hala behartuta: azaroaren 10ean amaitu zen epe hori, eta ez zutenez alegaziorik aurkeztu, obra kontratua behin betiko suntsituta gelditu zen. Horrek aukera ematen dio udalari Txirikordako obrak amaitzeko, baina horren aurretik, obra kontratuaren likidazioari heldu zioten, hau da, kontratua ez betetzeagatik udalari sortu dizkioten kalte ordainak zenbatzeari. Azaroaren 21ean, udaleko, Muriaseko eta obra zuzendaritzako ordezkariak bildu ziren Txirikordan, eta akta batean jaso zituzten egiteko falta ziren lanak.
Hala, udalak hainbat kontzeptu eskatuko dizkio Muriasi kalte ordain gisa, nagusiki, Txirikordako lanak amaitzeko kontratatu beharreko enpresen gastuak, udal langileen orduak eta gaia bideratzeko kontratutako abokatu taldearen gastuak.
Bestelako lanak, martxan
Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak jakinarazi duenez, batetik, ekipamenduen lizitazioa martxan dago une honetan (besteak beste, etxebizitzetako sukaldeak jartzeko), eta bestetik, udalak gabonen ostean hasi nahi du etxebizitzetako alokairu kontratuak sinatzen. Horri esker, bizilagunei euren etxebizitzak ekipatzen hasteko aukera eman ahal izango die udalak. Data zehatzik aipatu ez bazuen ere, Txirikorda otsailean irekitzeko modua izan dezake udalak.