Publicador de contenidos

Atrás Txirikordako etxebizitzak esleitu dituzte, zozketa eta baremazio bidez

Alegazioak ebatzi ostean, esleipenek behin betiko izaera hartuko dute, eta beste etapa bat zabalduko da: Txirikordara bizitzera joan aurretik, elkar ezagutu eta elkarbizitzarako eta funtzionamendu egokirako saioak egingo dituzte, Zabalduz kooperatibaren laguntzarekin.

18·05·2023


Txirikorda belaunaldi arteko etxebizitza komunitarioko etxeak esleitu dituzte. Gaur, maiatzaren 18an, egin dute gazteen etxebizitzak esleitzeko zozketa —helduenak baremazio bidez esleitu dira—, eta esleipenen ohiko prozedura jarraituta, alegazio epean sartuko dira orain.

Guztira, Txirikordan bizitzeko 30 eskaera izan dira: 24 gazteenak eta 6 helduenak. Alegazioak ebatzita, gazteen kolektiboan 22 eskatzaile sartu dira etxebizitzen esleipen zozketan. Gazteen 24 eskaeretatik, bat baztertua izan da, eta beste baten kasuan, eskaera onartua izan arren, esleipen prozesuan jarraitzeari uko egin dio.

Helduen kasuan, seitik lau eskaera onartu dira. Hala, 65 urtetik gorako kolektiboarentzat gordetako zortzi etxebizitzatatik lau esleitu dira, eta beste hiru erreserban utzi dira, etorkizuneko beharretarako. Ondorioz, helduei bideratutako etxebizitza bat gazteen kolektiboari gehitu zaio: guztira, bederatzi etxe bideratu dira gazteen kolektibora eta zazpi helduenera.

Gaurko zozketa publikoan gazteen etxebizitzak zozketatu dira: bederatzi esleipendunak eta egokitu zaien etxebizitzak zeintzuk diren jakin dute. Etxebizitza baino eskatzaile gehiago izan direnez, itxarote zerrenda ere osatu dute, aurrerago baten bat libre geldituko balitz, zerrenda horretara jotzeko.

Zozketan esleipendun suertatu direnen izaera, dena den, behin-behinekoa izango da. Zozketaren ostean, behin-behineko esleipenen zerrenda argitaratu da, talde bakoitzetik bana, eta alegazioak aurkezteko beste hamar eguneko epea irekiko da. Alegazioen ostean, behin betiko izaera hartuko dute, eta beste etapa bat zabalduko da: Txirikordara bizitzera joan aurretik, elkar ezagutu eta elkarbizitzarako eta funtzionamendu egokirako saioak egingo dituzte, Zabalduz kooperatibarekin.

Agurtzane Solaberrieta Mesa alkatea pozik agertu da Txirikordak herrian izan duen harrerarekin, belaunaldi arteko izaera hasieratik izango duelako.