Publicador de contenidos

Atrás Txirikorda eraikitzeko exekuzio proiektua Construcciones Murias SA enpresari esleitzea onartu dute, aho batez

Astelehenean sinatuko dute kontratua, eta Ugartondoko gainerako eraikitzaileekin bilduko dira, guztien arteko koordinazioa bermatzeko.

01·10·2021


Txirikorda, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa, eraikitzeko exekuzio proiektua Construcciones Murias SA enpresari esleitzea onartu dute iraileko osoko bilkuran, aho batez. Kontratua 1.953.312,02 euroan esleituko diote, eta obrak aste gutxi barru has daitezke: udalak obrarako 18 hilabete beharko zirela kalkulatu bazuen ere, Muriasek hilabete gutxiago beharko dituela adierazi zuen. Edonola ere, Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak aurreratu zuenez, udalaren aurreikuspenen arabera, 2023 hasieran Txirikorda ireki ahal izatea da.

Solaberrietaren esanetan, horren aurretik, ordea, hainbat lan egin behar ditu udalak, barrura zein kanpora begira. Obrek iraun bitartean, batetik, Txirikordaren funtzionamendua zehazteko ordenantza prestatu beharko du udalak; horretarako, proiektua sortzeko egin zen parte-hartze prozesuaren emaitzak izango dituzte oinarri. Bestetik, oraindik zehatz erabaki gabe badago ere, jardunaldi batzuk egitea da asmoa, inguruko etxebizitza komunitarioen esperientziak ezagutzeko. Aldi berean, belaunaldiartekotasuna lantzeko saio batzuk egin nahi dituzte herritarrekin. “Beraz, badugu lan pixka bat udal barruan zein kanpoan”, nabarmendu zuen Solaberrietak.