Publicador de contenidos
02·10·2020
COVID-19ak eragin duen pandemiaren bigarren oldarraldian gaudela diote osasun-agintariek. Gurean, Osakidetzak egunero egoera epidemiologikoaren inguruan argitaratzen duen txostena da horren isla. Iritsi da, eta indartsu, gainera. Gure herrian, aurreko aldian ez bezala, kasuen kopuruek goranzko joera hartu dute azken asteetan. Lehengo astean, 15 kasu atzeman zituzten, eta iraila hasi geroztik, 36 kasu. Udalean kezkatuta gaude egoerarekin eta herritarren artean ere kezka eta ezinegona sumatu ditugu. Kezka konpartitua da, beraz. Egoera honetan komunikazio zuzena eta informazio gardena ezinbestekoa dela iritzita, egunero Osakidetza eta Osasun Publikoko arduradunekin izan ditugun hartu-emanen berri ematen ari gara. Kasuek gora egin duten arren, egoera ez dela kezkatzeko modukoa adierazi izan didate. Arduradun batek, hitzez hitz, esandakoa da hauxe: “Usurbilek ez dit loa kentzen”. Ez dutela ezer deigarririk sumatu, eta, nolabait esatearren, kontrolpean dagoela kasuen jatorria eta orain arte izan den transmisioa. Oraingoz, beraz, bestelako jitea hartu ezean, neurri berezirik hartzeko tenorean ez gaudela esan digute.
Bistan da garai dinamikoak, aldakorrak, bizi ditugula eta egun batetik bestera egoera alda daitekeela eta horren arabera hartu/aldatu beharko ditugula erabakiak.
Hilabete zailak eta gogorrak bizi izan ditugu, itxialdia, esate baterako. Ataka gogorra baina laburra izatea espero zena, amaierarik ikusten ez zaion egoera korapilatsu bihurtu da. Ziurgabetasuna da nagusi. Gainera, pandemia honek zilipurdikatu egin ditu ohiko joerak, eta guztiz baldintzatu, irauli, herritarron bizimodua. Gainera, gobernu ezberdinen planifikazio ezak, inprobisazioak, murrizketak eta kapitala pertsonen bizitzen aurretik jarri izanak herritarrok bizitza bizigarria izateko dugun eskubidea kolpatu du. Modu nabarmenean, gainera, kolektibo zaurgarrienei, migratzaileei, pobrezia egoeran bizi direnei, emakumeei, haurrei edota adineko pertsonei.
Argi dugu, beste ezeren aurretik, osasunak duela lehentasuna. Baina, nire irudiko, osasuna ez da gaixotasun gabezia soilik. COVID-19ak eta konfinamenduak jendearen emozioetan eta osasun psikikoan duten eragina aztertzeke dago oraindik. Argi dut bizitzen ari garen egoerak arrastoa utziko duela gizartean, eta, horrenbestez, alderdi psikologikoari erreparatu behar zaio. Osasuna sustatu behar da, modu integralean, sustatu ere: segurtasunaren izenean, ezin dugu hain modu bortitzean askatasuna mugatu eta herritarrek eta, batez ere umeek eta adinekoek, harremanetarako, sozializatzeko, parte-hartzerako duten beharra asetu behar dugu. Bizitza bizigarriak sustatu behar ditugu, pandemia honetan, are gehiago. Eta, hain zuzen ere, helburu horrekin jarri ditugu martxan irailean udal zerbitzu guztiak, izan hezkuntza alorrekoak, kulturakoak, kirol eremukoak edota adinekoei zuzendutakoak. Errazena dena bertan behera uztea litzateke. Guretzat, akats izugarria. Egoera berriak galdera berriak, erantzun berriak eskatzen ditu. Tresna berriak. Berrasmatzea. Eta, batez ere, herritarron bizitzak erdigunean jarriz, politika publiko berritzaileak eta ausartak martxan jartzea. Komunitatearekin eta bertako eragileekin lankidetzan. Pandemiari modu kolektiboan erantzutea baino txerto eraginkorragorik ez dagoelako.