Publicador de contenidos
Atrás Txalaparta festa egingo da azaroaren 9an, Jexux Artze elkartearen eta 650 Usurbil Biziren eskutik
29·10·2024
Txalaparta festa egingo da, azaroaren 9an, Jexux Artze kultur elkartearen eta 650 Usurbil Bizi turismo proiektuaren eskutik: txalapartari gorazarre egingo diote kaxkoan zein Txokoalden eta Aginagan, egun osoko egitarauaren bidez. Festa iragartzeko kartela Malen Aierbe Zubeldia diseinatzaileak egin du.
Jexux Artzeren heriotzaren 20. urteurrenaren bueltan, 1go Txalaparta festa antolatu zuen kultur elkarteak 2022ko maiatzean, eta berdin egin zuen iaz ere. Aurten, maiatzean ekitaldiren bat antolatu arren, festa bera azarora atzeratzea erabaki zuten, eta 650 Usurbil Bizirekin elkarlanean prestatu. Txalaparta jotzeko hainbat moduz gozatzeko aukera izango da, herriko zein herritik kanpoko txalapartarien eskutik.
Eguneko lehenengo hitzordutik bertatik nabarituko da hori: ikusleak dema plazan direla, Salbatore elizako ezkilak joko dituzte sokekin, garai batean Artze anaiek egiten zuten bezala.
Egitaraua
10:00. Harrera eta ezkilak jotzea, dema plazan
12:00. Oreka TX eta mokadutxoa, Txokoaldeko Txalaparta Txokoan
14:00. Ibilaldia Erriberatik, albokariekin
15:00. Bazkaria, Aginaga Sagardotegian*
17:00. Madrilen Txalaparta taldearen emanaldia, sagardotegian
20:00. Fanfarrikant eta txalaparta kalejira, herrian zehar
*Oharra: Aginaga Sagardotegian egingo den bazkaritarako tiketak aurrez erosi beharko dira: zehazki, azaroaren 5era arte izango da horretarako aukera. Helduek Usurbil Kultura plataformaren erreserbatu beharko dute lekua, 39 euroan: dagoeneko eros daitezke. Umeentzako menua mezu elektroniko bat bidalita erreserbatu beharko da, usurbiltxalaparta@gmail.com -era idatzita: mezua aurrez bidali arren, egunean bertan ordainduko da (25 euro).