Publicador de contenidos
Atrás Tren geltokiko obrak hasi aurreko prestaketa lanak
27·01·2023

Tren geltoki berria egingo duten lekuan obrak hasi aurreko prestaketa lanak egiten ari dira. Zehazki, Nortegas enpresa gas hodia desbideratzeko lanak egiten ari da. Izan ere, geltoki berria egingo duten puntuan bertan hainbat hornidura sare daude, eta beharrezkoa da egokitzapen lan horiek egitea geltokiaren obrak hasi aurretik.
Udalak iazko uztailean jakinarazi zuen ETS Eusko Trenbide Sarearekin hitzarmena itxi zuela tren geltoki berria egiteko. Proiektu hori ETSk bultzatu eta gauzatuko du: dagoeneko esleituta ditu lanak, eta aste gutxi barru hasiko dira geltoki berria egiteko obrak. Geraleku berriak Donostiako Errekaldekoaren antza izango du: Santuenetik zein herrigunetik joanda ere, erabiltzaileak zubitik sartuko dira geltokira, eskaileren edo igogailuaren bidez. Zubi berri horrek N634 errepidea ez ezik, trenbidea ere gaindituko du, oinezkoentzako lotura zuzenagoa eta seguruagoa bermatuz.
Era berean, laster hasiko dira San Esteban kalearen urbanizazio lanak ere. Kasu horretan, udalarena da proiektua, eta ETSrekin adostua du geltokiaren eta kalearen proiektuek bat egiteko modua. San Esteban kalearen kasuan, oinezkoek lehentasuna izan eta egun baino irisgarriagoa izatea da obraren helburua; kalearekin batera azpiegiturak berritzeko ere aprobetxatuko dute. Kotxeek bertatik pasatu ahal izango dute, abiadura murriztuta. Kalearen urbanizazioa esleitzeko prozesua martxan dago, eta gutxi barru jakingo da nork eskuratzen duen lanok egiteko kontratua.
