Publicador de contenidos

Atrás Trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautuko dituen ordenantza behin betiko onartu dute, aho batez, osoko bilkuran

Urtarrilean onartutako ordenantzak bi alegazio izan ditu: bietako bat onartu da. Testu osoa GAOn argitaratuta, behin betiko onartuta geldituko da.

20·05·2025


Trafikoa, zirkulazioa eta segurtasuna arautzeko ordenantza behin betiko onartu dute, aho batez, maiatzaren 8an egindako ezohiko osoko bilkuran. Urtarrilean onartu zuten ordenantza, hasieraz, eta jendaurreko epean izan zen martxoaren 31ra arte: tarte horretan PEKA Plataforma Estatal del Karavaning elkarteak egindako bi alegazio jaso ziren. Udaltzaingoak alegazioen inguruko txostena egin eta bietako bat onartzea proposatu zuen, eta udalbatzak bat egin du horrekin, aho batez.

PEKAk egindako eta onartutako alegazioaren ondotik, 21.1.5. artikulua honela geldituko da idatzita: “Autokarabanak bide publikoetan aparkatu ahal izango dira, 3.500 kg-tik beherako pisu edo masa baimendua badute, baina akanpatzeko ezingo dira erabili”.

Bi arrazoi nagusirengatik ekin zion udalak trafikoaren ordenantza eguneratzeari. Batetik, indarrean dagoen ordenantza 2001ekoa da, eta 24 urteotan aldaketak izan dira lege eta arautegietan: udal-ordenantzak horietara egokitzea beharrezkoa zen. Bestetik, herrian ere zirkulazioari lotutako aldaketak izan dira, eta horiek ordenantzan islatuta egon behar dute.

Udaltzaingoak landu du ordenantza berria, eta bi aldaketa nabarmendu zituen Ainhoa Arrozpide zinegotziak urtarrileko osoko bilkuran. Batetik, zenbait bide publikotan aparkatzeko mugak ezartzea, batik bat, gune urdin edo merkataritza sustatzeko aparkalekuei lotuta: hainbat urte joan dira horiek erabiltzen hasi zirenetik, baina ordenantzak ez ditu islatu, orain arte. Bestetik, oinezkoentzako lehentasuna duten eremuak arautzea: neurri hori, bereziki, Kalezarko Belmonte kaleari lotua dago. Auzotarrek hala eskatuta, Belmonteko hirigune historikoari oinezko izaera emateko hiru neurri hartu dira, eta horietako bat bertatik pasatu daitezkeen ibilgailuak baimentzeko sistemaren ingurukoa da.

Maiatzeko ezohiko osoko bilkuran behin betiko onarpena emanda, testu osoa GAOn argitaratuko da, eta orduan sartuko da indarrean.