Publicador de contenidos
Atrás Senideen arteko komunikazio ahalik eta gertukoena bermatzea eskatu diote udalbatzako hiru alderdiek Aranjuezko espetxe zuzendariari, gutun bidez
25·09·2020
Usurbilgo EH Bilduk, EAJk eta PSE-EEk gutun bateratua bidali diote Aranjuezko espetxe zuzendariari. Izan ere, kartzela horretan daude Patxi Uranga eta Olatz Lasagabaster presoak, uztailean jaio berri den euren bigarren alabarekin, Maddirekin. Lehenengo alaba, Xua, amarekin bizi izan da kartzelan hiru urtez, baina adin horretara heldu zen egunean bereizi zuten gurasoengandik. Familiaren esanetan, behin baino ez dute elkar ikusi orduz geroztik: otsailaren 27an. Eta, horrez gain, Covid19 dela eta, komunikazio intimoak, familiarrak zein bizikidetzazkoak bertan behera utzi dizkiete espetxean. Lokutorio bidezko komunikazioa baino ez dute baimentzen, eta horrek duela gutxira arte amarekin bizi izan den hiru urteko haur batengan sor dezakeen frustrazioa kontuan izanda, komunikazio ahalik eta gertukoena bermatzea eskatu diote, gurasoak, alabak eta aiton-amonak kontuan hartuta. “Patxi, Olatz eta Maddiren kasuan, zure zentroan dagoen bizikidetza moduluaren bidez egin daiteke, eta, Xuaren kasuan, bizikidetzazko vis-a-vis bisitak baimenduz, edo, besterik ezean, bideo-deien bidez”, galdegin diote.
Urangaren eta Lasagabasterren egoerak herrian sortzen duen larritasuna nabarmendu dute, halaber, gutunean; hala helarazi ohi diete, maiz, udalerriko ordezkari instituzionalei. “Are gehiago, egoera honek aspaldi gainditua behar lukeela uste dute, euren zigorra amaitzear baitaude, eta legedi arruntari eutsiz, euren komunitatera itzultzeko moduan behar luketelako”.