Publicador de contenidos

Atrás Santueneako galdeketa egiteko prozedura administratiboa eta galdera ontzat eman dituzte, aho batez

Abenduaren 17an izango da galdeketa, eta elkarlanean antolatuko dute Santuenea Elkarlanean talde eragileak eta udalak. Honakoa galdetuko dute: “Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira ere?”. Udaleko idazkaria izango da hauteskunde mahaiko burua, eta udal langile bat lehenengo mahaikidea. Bigarren mahaikidea herritar boluntarioen artean zozketaz aukeratuko da: urriaren 31tik azaroaren 15era arte egongo da borondatez izena emateko zerrenda.

28·10·2022


Santueneako galdeketa egiteko prozedura administratiboa, galdera eta agiriak ontzat eman dituzte, aho batez, urriko osoko bilkuran. Iazko udazkenean abiatutako parte-hartze prozesuaren bidez, Auzo Plana osatu dute Santuenean, eta gai gehientsuenetan adostasuna lortu badute ere, bada gai bat lortu ez duena: auzoaren erdigunearen antolaketa. Eskubaloi kantxa da nagusi bertan, eta horren inguruko iritzi desberdinak daude auzotarren zein Santuenea Elkarlanean talde eragilean ere. Hala, udalari eskatu diote berme guztiak izango dituen galdeketa egitea, elkarlanean, eta urriko osoko bilkuran onartuta, erabakia irmoa da: abenduaren 17an egingo dute galdeketa Santueneako Kultur Elkartearen egoitzan, eta udalak auzotarren iritzia errespetatzeko konpromisoa hartu du.

Hauxe izango da abenduaren 17an Santueneako auzotarrek erantzun beharko duten galdera: “Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira ere?”. Bozka emateko bi baldintza bete beharko dituzte: 16 urtetik gora izatea eta auzoan 2022ko urriaren 15a baino lehenagotik erroldatuta egotea. Udal taldearen esanetan, erroldaren arabera, 359 auzotarrek betetzen dituzte bi baldintza horiek. Ainhoa Arrozpide zinegotzi eta Santueneko auzotarrak ariketaren esanahia nabarmendu du: “359 auzotarrek beren iritzia emateko aukera izango dute, eta uste dut oso ariketa garrantzitsua izango dela”.

Galdeketaren egun nagusia abenduaren 17an izango bada ere, egun horretan bozkatu ezin dutenentzat bigarren egun bat jarri dute: abenduaren 13a. Goizean (09:00-14:00) udaletxean eta arratsaldean (16:00-20:00) Santuenean izango da. Osoko bilkuraren ostean, hauteskunde mahaia osatzeko prozedura ere abiatuko da. Mahai burua udaleko idazkaria izango da, eta lehenengo mahai kidea udaleko langile bat; bigarren mahai kidea, ordea, herritar boluntario bat izango da, eta izena emateko epea urriaren 31tik azaroaren 15era bitartean izango da, eta aurkeztutakoen artean zozketa egingo dute.

Arrozpidek parte-hartze prozesuak egindako ibilbidea laburbildu du saioan, eta “oso emankorra” izan dela nabarmendu: “Galdeketarekin, prozesua borobildu egingo dugu”. Asebeteta agertu da, elkarlana erabat gauzatu dela iritzita: “Nabarmentzekoa da Hiritik At-en lana, eta baita auzotarren parte hartze maila ere, hasieratik”.