Noticias
Atrás

Santuenea Elkarlanean talde eragileak galdeketa abiatu du

Uda ostean, Santueneako parte-hartze prozesuari ekin dio taldeak, eta udaberrian iragarri bezala, galdetegia prestatu dute: hilaren 21era arte bete ahal izango da, online zein paperean. Azaroaren 12an zein 20an Gure Elkartea tabernaren parean egongo dira, nahi duenari galdetegia eskura eman eta betetzen laguntzeko.

04·11·2021


Santuenea Elkarlanean talde eragilea Auzo Planaren definizioa dinamizatzeko sortu den boluntario taldea da. Bidenabar, ateak irekita daude edozein auzokidek bertan parte hartu nahiko balu. Usurbilgo Udalaren babesarekin eta Hiritik At Koop.-en bide-laguntzaz, urrian zehar sukalde lanak egiten egon gara, eta iritsi da unea plazara salto egiteko. Lehen auzo-ariketa: diagnostikoa.

Talde eragiletik galdetegi bat prestatu dugu horretarako, auzokide guztion artean egin dezagun gure auzoaren argazkia: zer dugu hobetzeko Santuenean, epe ertaineko ikuspegian? Zeintzuk dira lehentasunak? Ba al dugu gaurdanik proposatu nahi dugun ideiarik?

Espazio Publikoaren eremuan, mugikortasunean, irisgarritasunean, zaintza, ekipamendu zein zerbitzu publikoen eremuan, edota, elkarbizitza eta auzo-antolaketaren esparruan zure ekarpenak erraz jasotzeko tresna da galdetegia. Noski, gai berriak proposatzeko aukera ere izango duzu bertan.

Galdetegia erantzuteko bi aukera izango ditugu auzokideok:

Online: udalaren webgunean zein sare sozialen bidez zabalduko dugu (@usurbiludala Twitter, Facebook eta Instagramen).

Paperean: kopia batzuk banatuko ditugu. Horretaz gain, egun hauetan Gure Elkartea taberna parean egongo gara, nahi duenari galdetegia eskura eman eta betetzen laguntzeko:

  • Azaroak 12, ostirala: 17:00etatik 19:00etara
  • Azaroak 20, larunbata: 11:00etatik 13:00etara

Galdetegia azaroaren 21era arte bete ahal izango da. Honen ostean, ondorioak bildu eta sakontzen jarraituko dugu. Azaro eta abendu bitartean, auzo-txangoak burutuko ditugu (jakinaraziko ditugu datak) eta diagnostiko osoaren aurkezpen ireki bat ere egingo dugu urtea amaitu baino lehen.

Ondo bidean, 2022 urtearen hasierarekin batera proposamen fasea ireki ahal izango dugu. Denon artean, Santuenea hobetzeko tresna izango den Auzo Plana eraikitzeko.

Santuenea Elkarlanean. Auzo Plana prozesuaren talde eragilea.