Publicador de contenidos

Atrás San Esteban kalea oinezkoen eremua izango da, eta soilik Etxealdiako bizilagunek izango dute kotxez pasatzeko aukera

Ibilgailuen joan-etorri orokorra mugatuko du udalak San Esteban kalean: oinezkoen eremu izendatuta, Etxealdiako bizilagunek soilik izango dute bertatik pasatzeko aukera. Kalea, orain, itxita dago: seinalizazio berriak jarritakoan irekiko dute. Neurriz kanpoko erabilera egingo balitz, kontrolerako sistema bat ezarriko luke udalak.

10·10·2023


Ibilgailuen joan-etorri orokorra mugatuko du udalak San Esteban kalean: oinezkoen eremu izendatuta, Etxealdiako bizilagunek soilik izango dute bertatik kotxez pasatzeko eta karga-deskargarako bertan aparkatzeko aukera. Proposamen hori egin die udal-gobernuak auzotarrei, eta bizilagunak ados agertu dira: 40 bizilagun inguruk egin zuten bat deialdiarekin. Kalea, orain, ibilgailuentzako itxita dago: seinalizazio berriak jarritakoan irekiko dute, azkenik, bertakoentzat soilik. Kalea irekitakoan, zer erabilera ematen zaion behatuko du udalak, eta neurriz kanpoko erabilera egingo balitz, kontrolerako sistema bat ezarriko luke.

San Esteban kalea oinezkoen eremu bihurtuta, udalak bi eskaera egin nahi dizkie auzotarrei, baina baita herritarrei ere, oro har. Batetik, ahal dela, auzora sartu eta irteteko Bizkarre aldeko bide nagusia erabiltzeko, eta, bestetik, bertatik pasatzen diren bizikleta eta patineteei zuzenduta, mantsoago pasatu daitezela, oinezkoen segurtasuna bermatzeko. “Usurbilen ez dago halako kalerik, eta hau erronka bat da denontzat: modu egokian jokatu behar dugu guztiok”, aitortu dute udal-gobernuko kideek.

Azaldu dutenez, Kalezarko bizilagunekin antzeko lanketa bat egiten ari dira, auzotarren eskariz: hango kasuan, ibilgailuen matrikulak irakurtzeko sistema bat jarriko dute Kalezarko kaxkoan, eta soilik aurrez baimena dutenek pasatu ahal izango dute. Etxealdian, oraingoz, ez dute halakorik jartzea aurreikusi, baina bertako bizilagunen joan-etorriez harago, gehiegizko erabilera egingo balitz, ez da baztertzen kontrolerako sistemaren bat jartzea. “Isunak jartzen hasi baino, nahiago dugu pedagogia egin: guretzat pertsonen segurtasuna da garrantzitsuena. Haurren eta pertsona helduen autonomia sustatu nahi dugu: horretarako gure kaleek seguruak izan behar dute, eta kaleak seguruak izateko beharrezkoa da kotxeak bertatik kentzea”.

Apirilean hasi ziren San Esteban kalea irisgarriago egiteko obrak, eta ia amaituta badaude ere, ibilgailuentzako itxita dago. Oinezkoek lehentasuna izatea ere bazen obren helburua, baina, hasiera batean, ez zen planteatu ibilgailuen joan-etorri orokorra debekatzeko asmorik, eta gauez bertan aparkatu ahal izango zela adierazi zen. Zorua berrituta, trafikorik gabeko tarte bat utzi behar zen zementua erabat finkatzeko, eta, horren ostean, kalearen izaeraren inguruko “zalantzak” sortu ziren udalean, aitortu zutenez: azken erabakia auzotarrekin batera hartu nahi zuten, eta horretarako zen atzoko bilera. Zalantza horiek izan dira kalea lehenago ez irekitzearen arrazoia, eta, zentzu horretan, barkamena eskatu diete bizilagunei.

Kalea erabat ixtea ere aukeren artean izan du udalak, ibilgailuak pasatzeko oztopoak jarriz, baina, azkenean, halakorik ez egitea erabaki du, segurtasunagatik. “Larrialdiren bat egongo balitz, halako oztopo batek egoeraren larritasuna areagotuko luke, eta ez genuke halakorik nahi”, azaldu dute.

Auzoaren irisgarritasuna hobetzeko eta HAPO Hiri Antolamendurako Plan Orokorra lantzeko hainbat bilera egin zituzten aurreko legealdian, eta orduan adostutakoak gauzatzen hastekoa dela azaldu dute. Iraileko osoko bilkuran egindako kreditu aldaketarekin (300.000 eurokoa, 2023ko aurrekontuetan aurrez gordetako 75.000 euroei gehitzeko), auzoaren beheko zatiko aparkalekuen ingurua berrantolatuko du udalak: obren exekuzio proiektua idazten ari da, lanak hurrengo urtean gauzatzen hasteko helburuarekin. Proiektu hori ere auzotarrekin kontrastatuko dutela nabarmendu dute.