Noticias
Atrás

Pelaioenearen etorkizuna eraikitzen hasteko lehen pausoa eman dute kalezartarrek eta emakume usurbildarrek

Dozenaka lagunek egin zuten bat larunbatean Kalezarko Pelaioenearen etorkizuna eraikitzen hasteko jarritako hitzorduarekin: auzo-ekipamendua zein Emakumeen Etxea sortzeko bi parte-hartze prozesuen berri eman zuten udalak eta prozesuok gidatuko dituen Elhuyarrek.

21·09·2020


Sei hilabete geroago, Covid19-ak eragindako osasun krisia medio, Etorkizuneko Pelaioenea eraikitzen hasteko lehenengo pausoa eman zuten irailaren 19an, Kalezarren bertan: dozenaka lagun elkartu ziren auzoko plazan, birgaitze bidean den Pelaioenearen altzoan. Eraikina bi proiekturen egoitza izan dadin nahi du udalak, Kalezarko auzo ekipamenduarena eta Emakumeen Etxearena: hala, bi parte-hartze prozesu abiatuko dituzte urrian, eta horien berri eman zuten prozesuen gidari izango diren Elhuyarreko kideek eta udal-gobernuko ordezkariek. Izatez, prozesuon lehenengo bileren hitzorduak ere jakinarazi zituzten: urriaren 8an bilduko da Emakumeen Etxea sortzeko Gogoeta Gunea [parte-hartzaile kopuruaren arabera erabakiko da bilera eguna, datozen egunetan], eta urriaren 15ean bilduko dira auzotarrak, haur eskolan, 18:00etan. Lehenengo bilera egunak zehaztuta badaude ere, gainerakoak noiz egin parte-hartzaileekin beraiek adostuko du Elhuyarrek.

Auzotarren prozesuari dagokionez, eta Txokoalden iaz egindako ereduari jarraituta, hiru bilera egingo dituzte. Lehenengoan, auzotarren beharrak identifikatuko dituzte. Bigarrengoan, behar horiek asetzeko zer nolako espazioa beharko duten zehaztuko dute, eta, azkenik, hirugarrengoan, espazioaren kudeaketa nola egin landuko dute.

Emakumeen Etxearen prozesuari dagokionez, bost bilera egingo dituzte. Lehenengoan, prozesurako balio eta printzipioak eta etxearen helburuak zehaztuko dituzte. Bigarrengoan, etxearen printzipioak eta filosofia finkatu eta erabiltzaileak zeintzuk izango diren definituko dute. Etxeak zein jarduera eta zerbitzu eskaintzeko balioko duen erabakiko dute hirugarrengoan, baita horretarako zein espazio beharko lituzkeen ere. Laugarrengoan, etxearen kudeaketaz eta funtzionamenduaz hitz egingo dute, eta, azkenengoan, aurrera begirako bide-orria definituko dute.

Pelaioenea eraikitzen hasteko hitzorduan dozenaka lagun bildu izana “ilusionagarria” izan zela nabarmendu zuen Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak, Kalezar bizigarriago baten aldeko gogoaren erakusle. “Legealdiko planean jasota daukagun proiektu garrantzitsuenetako bat gorpuzteari ekingo diogu: Etorkizuneko Pelaioenea mamiz eraikitzen hastera goaz”, nabarmendu zuen. Eraikina birgaitzeko orain arte emandako pausoak azaldu zituen Solaberrietak. “Hurrengo urratsa barruko egitura zehaztea izango da, hau da, eraikinari emango zaioen erabileraren arabera: Pelaioeneak hartuko dituen proiektu sozialek zehaztuko dute aurrerago egin beharreko hirigintzako eskuhartzea”.

Udalak berdintasunaren alde orain arte egindako lana nabarmendu zuen Berdintasun zinegotzi Aroa Etxeburuak: “Udalak bide luzea eta emankorra egin du eta egiten ari da gizon eta emakumeen berdintasunaren aldeko politikak garatzen, batez ere, Parekidetasun Saila sortuz geroztik, 2010ean. Aurreko Berdintasun Planak jasotzen zuen jada, Usurbilen Emakumeen Etxea edo antzeko egitasmo bat sortzeko beharra”. Azaldu zuenez, Emakumeen Etxea herriko mugimendu feministarekin eta berdintasunaren alde lan egin nahi duten emakume usurbildarrekin gauzatu nahi du udalak: “Emakumeon neurrira egindakoa izango da”.

Auzoetako zinegotzi Oxkar Santamariak auzoek udal-gobernuarentzat duten garrantzia nabarmendu zuen. “Auzo guztien Usurbil eraiki nahi dugu. Auzo bizigarriak nahi ditugu. Ez dugu kaxkoa eta auzoen arteko ezberdintasunak areagotzerik nahi, arrakalarik sortu nahi. Auzoek ere nortasun, ezaugarri, behar eta errealitate propioak dituzte, eta horietan arreta jarri nahi dugu, auzoetako bizi-kalitatea hobetzeko asmoz”. Iaz Txokoalden egindako prozesua gogoratu zuen Santamariak, eta horixe bera egingo dute Kalezarren: auzotarrekin hitz egin, euren beharrak identifikatu, eta behar horiei erantzuteko espazioak ahalbidetu.

Udal-gobernuko kideek bi proiektuen bateragarritasuna defendatu zuten. “Kalezar bizigarriagoa izan dadin beste pauso bat izango da, bi-biek auzoari egingo dioten ekarpenari esker”, baieztatu zuen Santamariak.