Publicador de contenidos

Parte-hartze prozesu bat abiatuko du udalak Txokoalden, auzoko bizitza hobetzeko asmoz

Auzoaren beharrak mahai gainean jarri eta har daitezkeen neurriez jardungo dute: behar horiek asetzeko gako izan daiteke Akerra gaztetxea dagoen udal eraikina. Hura berregokitzea dute xede.

04·10·2019


Parte-hartze prozesu bat abiatuko dute Txokoaldeko bizilagunek eta Usurbilgo Udalak urriaren 9tik aurrera. Hala adostu zuten irailaren 25eko batzarrean: hogei auzotar inguruk parte hartu zuten, eta auzoaren bizitza hobetzeko gogoa eta borondatea erakutsi zituzten.

Auzotarren kezkak entzun eta horiei irtenbidea ematea da helburua. Udalak badu eraikin bat Txokoalden, Akerra gaztetxea dagoena, eta espazio hori proposatu zuten udal ordezkariek auzotar guztiek erabili, eta, hala, auzoko bizitza hobetzeko.

Agurtzane Solaberrieta alkateak azaldu zuenez, udalak aparejadore bat kontratatu zuen, udan, eraikinaren azterketa teknikoa egiteko: ezertan hasi aurretik, huraxe zen eman beharreko lehenengo pausoa, haren esanetan. Emaitzak esku artean joan ziren udal ordezkariak batzarrera, eta espero baino hobeak izan ziren. Eraikina udalak eta auzotarrek bat eginda berregokitzea proposatu zuen alkateak, eta han bildutako auzotarrek bat egin zuten harekin.

Hiritik At kooperatibak dinamizatuko du prozesua: hiru lan saio egitea aurreikusi dute, eta, amaitzean, arkitektura proiektu bat definituta izatea da asmoa. Lehen saioa hilaren 9an izango da, Akerra gaztetxean, 19:00etan.