Publicador de contenidos

Atrás Palestinarren aurkako genozidioa “irmo eta ñabardurarik gabe” gaitzesteko mozioa onartu dute, osoko bilkuran

Usurbilgo PSE-EEk eta EAJk adostutako mozioan, aho batez onartu dira mozioko hamar puntuetatik bederatzi; lehenengo puntuan abstentziora jo du EH Bilduk.

03·06·2025


Israel Palestinako biztanleria zibilaren aurka egiten ari den genozidioa “irmo eta ñabardurarik gabe” gaitzesteko mozioa onartu dute, maiatzeko osoko bilkuran. Usurbilgo PSE-EE eta EAJk adostu eta aurkeztutako mozioa puntuka bozkatu dute: aho batez onartu dira hamar puntuetatik bederatzi; mozioko lehenengo puntuan, berriz, abstentziora jo zuen EH Bilduren udal-gobernuak.

Mozioaren inguruko eztabaida nagusia erredakzioaren eta eskaeren lehenengo puntuaren ingurukoa izan zen. EH Bilduko taldearen bozeramaile Ainhoa Arrozpide zinegotziak nabarmendu zuen, udal-gobernuaren ustez, batetik, mozioaren markoa ez zegoela ondo kokatua. “Palestina eta Israelen arteko gatazka ez zen 2023ko urrian hasi, eta ez zuen Hamasek egindako erasoak piztu: XX. mende hasierara jo behar da bere jatorria ezagutzeko. 75 urte baino gehiago atzera egin behar da palestinarren aurkako jazarpen, zapalkuntza, okupazio eta umiliazio sistematikoaren hasiera topatzeko”. Mozioak, gainera, “maila berean” ezartzen ditu Israel eta Hamas, eta hori ez da onargarria, haren esanetan: “Azken hilabete, aste eta egunetan entzun eta ikusitakoaren ondoren, Israelek palestinar guztiak akabatu nahi dituela ondorioztatu daiteke. Eta urriko ofentsiba hau xede hori lortzeko aspalditik martxan duen estrategiaren beste pauso bat da. Bonbekin eta tiroekin erailtzen ez dituztenak gosez, egarriz edota sendagai faltagatik erailtzen ari dira”.

Udal-gobernuaren ustez, lehenengo puntua mozioan kokatzeak ez zuen zentzurik: horregatik, puntu horretan abstenitu eta gainerakoetan alde bozkatu zuten.

Mozioa, osorik: hemen.

Mozioaren puntuak:

1. Hamasek 2023ko urriaren 7an egindako eraso bortitza gaitzestea.

2. Gazako biztanleria zibil palestinarraren aurka egindako genozidioa irmo eta ñabardurarik gabe gaitzestea.

3. Berehalako su-eten iraunkorra, indar militarrak lurralde okupatuetatik erretiratzea eta nazioarteko zuzenbide humanitarioa, nazioarteko ebazpenak eta giza eskubideak erabat errespetatzea. erabat errespetatzea eskatzea.

4. Gertakarien larritasunaren aurrean jarduteko eta Israelekin duen akordio komertzial eta politikoa berrikusteko eskatzen diogu EBri.

5. Gazako Zerrendan laguntza humanitarioa sartzeko bide seguruak berma ditzatela, lurralde horren kontrako legez kanpoko blokeoa kentzea eta Palestinako Lurralde Okupatuaren okupazioa amaitzea, 2024ko uztaileko Nazioarteko Justizia Gortearen iritzi aholku emailea praktikan jarriz, zeinek Israelek Gaza eta Zisjordania ekialdeko (Jerusalem barne), legez kanpokotzat jotzen zituen.

6. Europar Batasunak bere eragina eta boterea giza eskubideen, justiziaren eta kontuak ematearen alde erabiltzea. Zehazki, Genevako Hitzarmenak errespetatzen direla bermatzea. Hitzarmen horiek, gutxienez, eskatzen dute estatu guztiek eten ditzatela gatazkan parte hartzen duten aldeei egiten zaizkien arma transferentziak, nazioarteko zuzenbidea urratzeagatik kontuak ematea bermatzeko lankidetzan aritzea eta nazioarteko erakundeei eta mekanismoei laguntzea eskatzen dute, Nazioarteko Zigor Gorteak eta NBEren Ikerketa Batzordeak Palestinako Lurralde Okupatuari buruz egindako ikerketak barne.

7. Europar Batasunak Gazan presentzia militar iraunkorra ezartzeko, mugak aldatzeko edo palestinarrak Gaza edo Zisjordaniatik kanporatzeko edozein ahaleginen aurka agertzea, eta nahitaezko lekualdaketa hori Genevako Laugarren Hitzarmenaren urraketa larria dela eta gerrako krimena dela onartzea.

8. Usurbilgo udaletik, Ekialde Hurbileko Palestinako errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziaren (UNRWA) premiazko eta beharrezko lana babesten dugu, larrialdi humanitarioko arrazoietan oinarrituta.

9. Usurbilgo herriak elkartasun aktiboa adieraztea Palestinako herriarekiko eta munduko gerren eta indarkeria militaristaren biktima guztiekiko.

10. Akordio honen berri ematea Gobernuko Presidentetzari, Kanpo Arazoetako Ministerioari, Europako Parlamentuari, Palestinako Errefuxiatuentzako Nazio Batuen Agentziari (UNRWA) eta gizarte eta giza eskubideen aldeko erakundeei.