Publicador de contenidos

Atrás Palestinarekiko elkartasuna izango da aurtengo Mundualdiaren ardatza

Abenduaren 12an eta 13an izango dira aurtengo Mundualdiko ekitaldi gehienak: ohiko jaki dastaketaz gain, Gazako Sol Band musika taldeko kideak Usurbilen izango dira, eta bi hitzaldi musikatu eskainiko dituzte.

20·11·2025


Mundualdiak, Usurbilgo jatorri aniztasuna ospatzeko festak, hiru eguneko egitaraua izango du aurten, ekitaldi gehienak abenduaren 12an eta 13an izango diren arren. Aurtengo hitzordua Palestinari eta palestinarrei elkartasuna adierazteko baliatuko da, eta helburu horrekin osatu da egitaraua: besteak beste, Sol Band Gazako musika taldeko bi kide izango dira Usurbilen.

Mundualdia azaroan ospatu ohi da: aurtengoan abendura atzeratu da, hain zuzen ere, Gazako Sol Band taldea Usurbilera ekarri ahal izateko. Azken kantuak bonbardaketa betean idatzi zituztela kontatu dute, eta euren sorterriak bizi duen egoera lazgarria munduari helarazteko tresna direla. Azken hilabeteotan iritsi da Euskal Herrira Palestinako taldea: bi kide izango dira Usurbilen, eta hitzaldi musikatua eskainiko dute, bi egunetan. Ostiralean, DBH3ko eta DBH4ko ikasleentzako saioa egingo dute, ingelesez, Sutegin; larunbatean, berriz, euren hizkuntzan hitz egingo dute, eta Bilbon bizi den palestinar batek gaztelaniara itzuliko ditu haien hitzak, zuzenean, Askatasuna plazan. Ostiraleko hitzorduaren aurretik, Usurbilgo OLH Oinarrizko Lanbide Hastapeneko sukaldaritzako ikasleek prestatutako hamaiketako berezia dastatuko dute, 12:30ean hasita.

Larunbatak bi zati izango ditu. Goizean, San Sebastian Cricket Club taldearen eskutik, kriket erakustaldia izango da, 11:00etatik aurrera, Udarregi ikastolaren pareko zelaian; euria egiten badu, Agerialdeko frontoi estalian izango da. Horren ondotik, Eskola Kiroleko partaideek jokatuko dute kriketean. Arratsaldean, Sol Bandeko kideen hitzaldi musikatuaren ostean, ohiko jaki dastaketa izango da. Prestaketa lanetan hasia da udala dagoeneko, eta, oraingoz, zortzi herrialdetako jakiak dastatzeko aukera izango da, guztira, 14 postutan: Pakistan, Sahara, Nikaragua, Nigeria, Kuba-Euskal Herria, Mauritania eta Kolonbia. Jakien dastaketaren unea, gainera, Usurbilen bizi den bakarlari argentinar Leandro Leivaren kantuekin girotuko da.

Jatorri aniztasunaren gaia izango du ardatz, baita ere, haurrentzako zinemaren abenduko emanaldiak: "Azur eta Asmar" filma emango dute, Sutegin, abenduaren 21aren; 17:00etan izango da saioa, doan.

Mundualdia 2025: egitaraua

Abenduak 12, ostirala

12:30. Gazako musika talde Sol Bandeko kideekin hitzaldi musikatua, DBH3 eta DBH4ko ikasleentzat, Sutegin

Aurrez, Oinarrizko Lanbide Hastapeneko sukaldaritzako ikasleek prestatutako hamaiketako berezia

Abenduak 13, larunbata

11:00. Kriketa: erakustaldia eta Eskola Kiroleko saioa, Udarregi pareko zelaian (euria bada, Agerialdeko frontoi estalian), San Sebastian Cricket Club-en eskutik

17:00. Gazako musika talde Sol Bandeko kideekin hitzaldi musikatua, Askatasuna plazan

Horren ostean, hainbat jatorritako jakien dastaketa, Leandro Leiva bakarlari argentinar-usurbildarraren abestiez lagunduta

Abenduak 21, igandea

17:00. Haurrentzako zinema: "Azur eta Asmar", Sutegin (gonbidapenak, doan, Usurbil Kulturan, abenduaren 1etik aurrera)